“Pragan ikasleek aukera ugari dituzte”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 3a

Jon Jimenez Macuso Altuning Pro Gipuzkoa ekimeneko sariduna. Erasmus programari esker, Euska Herriko ikasleek Europako beste lurralde bat; bere historia, kultura, gizartea,... ezagutzeko aukera bikaina izaten dute. Jon Jimenez Macuso lasarteoriatarrak esperientzia hori probatzeko aukera izan du Pragan. Gainera, bueltan Altuning Pro ekimenean parte hartu eta 3.000 euroko saria jaso du. Ekimen honen bidez, Ignacio Manuel Altuna fundazioak, Azkoitiko Udalak, Kutxak eta Foru Aldundiak, atzerriko unibertsitateetan ikasten aritu diren hamar gazteren proiektu eta ideiak bultzatu dituzte, ikasleek atzerrian ikasitakoa Gipuzkoara ekartzeko. 70 proiektu aurkeztu dira eta Jon Jimenez lasarteoriatarrarena izan da 10 sarituetako bat.

Txekiar Errepublikako Unibertsitate, erakunde eta enpresen arteko lankidetza sareen azterketa, herrialde horretako herritarren partaidetza, hezkuntza, gazteen emantzipazioa, garraioa, baloreak, sentsibilizazioa, herritarren inplikazioa eta bortizkeria dira besteak beste Jon Jimenez Macusok Altuning lehiaketan aurkeztutako lanean jorratu dituen alderdiak. Gu berarekin bildu gara honi guztiari eta bizitako esperientziari buruz hitz egiteko.

Zer ari zara ikasten eta non?
Enpresa administrazio eta zuzendaritza bukatzeko bi ikasgai geratzen zaizkit oraindik, Ekonometria I eta II. Irailean lizentziatura eskuratzeko aukera nuen, baina udan Moldavian eta Errumanian ibili naizenez, ikasturte honetan ateratzea erabaki dut.
Diplomatura Mondragon Unibertsitateak Irunen duen ikastetxean egin nuen. Eta ondoren, lizentziatura egiteko EHUra pasa nintzen, bertan ikasiaz Erasmusera joatea errazago zelako, plaza gehiago zeudelako.

Zer moduz ibili zara Pragan?
Urte osoa egon naiz han, irailetik maiatza amaiera arte, eta esperientzia hain ona izan denez berriro bueltatuko nintzateke.
Oso hiri polita eta merkea da. Gainera, Europa erdian dagoenez, bidatzeko aukera handia dago, konexio oso onak dituzte. Pragan ikasi dut baina, Alemaniara, Austriara, edota Poloniara joan naiz.

Asko bidaiatu duzu, eta ikasi?
Guztirako denbora egon da. Han burutu ditudan ikasgaietan oso nota onak atera ditut, oso gustura ibili naizelako. Eta ikasgaiez gain, kultura, ohitura... oso ezberdinak ezagutzeko aukera eduki dut. Gelan suediar batekin nengoen adibidez. Esperientzia aberasgarria izan da erabat.

Zer moduzko hiria da Praga?
Hiri oso turistikoa da, jende pila ikusten duzu kalean. Amarekin joan nintzen urtarrilean eta minus 20 gradutan geunden arren, jende pila zebilen kalean. Aste Santuan edota abuztuan, pasada bat da dabilen jendetza.

Eta nolakoa da halako hiri handi batetik herrira buelta?
Oso herri ezberdinak dira. Niretzako Praga ikaragarria izan da. Gainera, hemen Lasarte-Orian gurasoekin bizi naiz eta han ikasleen erresidentzian, aldaketa handia da. Baina, hemen nagoenetik, batez ere, hango bizitzeko era da faltan botatzen dudana. Ia egunero ateratzen ginen zerbait hartzera, garagardoa oso merkea zen eta. Han askatasun handia nuen, eta hemen erantzukizun gehiago dut.

Txekia eta Eslovakia 90 hamarkadan banandu ziren...
Eslovakiarrak eta txekiarrak ondo konpontzen dira elkarrekin. Nik erresidentzian bietakoak eduki ditut.

Atzerrian ikasi duzuenen proiektuak Gipuzkoan aplikatzeko ideiak lehiatu dira Altuning pro Gipuzkoa sariketan. Nola
jakin zenuen honen berri?

Maiatzean e-mail bat jaso nuen atzerrian ginenon esperientzia kontatzeko gonbitearekin. Hasiera batean ez nion kasurik egin, baina Lasarte-Oriara bueltatu nintzenean, maiatza bukaeran, e-maila berriro irakurri eta parte hartzea erabaki nuen.
Aurkeztu beharreko lanean batez ere, gure esperientzia kontatzeko eskatzen ziguten. Egon garen tokikoa azaltzeko gero Gipuzkoan aplikatzeko. Ez nuen espero inondik inora irabazterik eta oso pozik nago.

Zer nolako lana burutu eta aurkeztu zenuen?
Proiektuan zazpi gauzataz hitz egin nuen, baina garrantzi gehiena buddy system erakundeak zuen.
Hasieratik, txekiar ikasle bat jarri ziguten bete behar ziren paper guztiekin laguntzeko, eta gero bidaiak, festak edota jarduera ezberdinak antolatzen zituzten azken finean gu Txekian integratzeko helburuarekin. Eta lortu zutela uste dut, txekiarrekin harremana geneukan.
Hizkuntz programak ere antolatzen zituzten: Nik txekiera ikasten nuen, eta era berean, gaztelera irakasle izan nintzen. Hemen hau faltan botatzen dut.
Bestela, unibertsitateak enpresa eta instituzioekin duen lankidetza eta garraio publiko sistema aipatu ditut lanean. Guk bono bat erosten genuen autobusean, metroan, trenean edota tranbian erabiltzeko, eta ikasle izateagatik deskontua geneukan.
Hemen deskontuak ez ditugu ikasle izateagatik, gazteak izateagatik baizik. Eta ikasleak ez dira beti gazteak, edo gazte guztiak ez dira ikasleak.

Joan aurretik bazenuen Pragan laguna, beraz...
Pragara joan aurretik e-mailez hango ikasle batekin jarri nintzen harremanetan. Aireportura joan zen nire bila.
Orain Datorki Gunea programan ari zara...
Eusko Ikaskuntzak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak,... antolatutako hiru urteko proiektua da. Aurten 40 lagunek hartuko dugu parte, gazteen parte hartzea aztertu eta euren arazoei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko helburuarekin; ikuspuntu ezberdinak dituzten 40 gazte ados jartzea ez da erraza izango, baina oso aberasgarria bai.

Gazteen parte hartzeari buruz zein iritzi duzu zuk?
Pasotismo asko dago. Antolatzen diren gauza askotan ez dugu parte hartzen, oso erraz bizi gara eta egunerokotasunera mugatzen gara. Motibazio eta gogo falta dago. Pasiboak gara.

Zein da zuen arazo nagusia?
Langabezia eta etxebizitzen prezioa, batez ere.

Konponbiderik ba al du gazteen problematikak?
Seguru nago konponbidea baduela, baina ez dakit,... orain Datorki Gunean aztertuko dugu.

Zein asmo duzu etorkizunerako? Zer egingo zenuke?
Bi ikasgai ditut ikasketak bukatzeko, ingeles titulua ateratzeko akademian hasiko naiz, Datorki Gunean egongo naiz,... baina ez dira ordu asko, hiru unibertsitatean eta beste hiru akademian, beraz ondo nago. Lan bila hasiko naiz.

Beste zein zaletasun dituzu?
Kunfua egiten dut. Eta lagunekin egotea; ez zait etxean egotea batere gustatzen.

Zinemaldian lanean egon zara, zer moduz?
Goiz, arratsalde eta gau egin dut lan. Gau batean Kursaalean atezain lanetan nintzen, eta nik ireki nien Julia Roberts eta Javier Bardem-i aretora sartzeko atea. Julia super irribarretsu sartu zen eta Bardem-ek eskerrak eman zizkidan. Banekien bazetozela eta oso urduri nengoen.

U-2en kontzertua ere ikusi zenuen lanean zinela?
Bai, ate barruan egotea tokatu zitzaidan eta. Ikusgarria izan zen.