Urria iritsi da eta honekin batera, Zubieta aldeko bidea korrikalariz bete da. Izan ere, azaroaren 14an, Behobia-Donostia da eta sasoiko egon behar da lasterketak dituen 20 kilometroak egiteko.
Korrikalarien indarrak neurtzeko, gainera, hainbat lasterketa antolatzen dira Gipuzkoako hainbat herrietan. Eta horietako bat, gure herrian antolatzen da, Lasarte-Oria Bai! krosa.
Lasarte-Oria Bai! krosa
Ohikoa den legez, Ostadar Kirol Fundazioak antolatzen duen XV. krosa, urriaren azken igandean egingo da, urriaren 31ean.
Behobia-Donostia lasterketa baino hamabost egun lehenago denez, korrikalariek haien prestakuntza fintzeko erabili ditzakete herriko lasteketak dituen 10 kilometroak.
Baina helduez gain, etxeko txikiak ere gure herriko kaleetan barrena ibiliko dira lasterka, X. Kross txikian. Baina hauek adinaren araberako ibilbidea izango dute prestatua.
Sariak
Maila desberdinetako irabazleentzat trofeoak egongo dira. Eta afariak, kirol materiala, Erreala Anoetan ikusteko sarrerak... hainbat sari zozketatuko dira lasterketako parte hartzaileen artean.
Haurrek ere, euren saria izango dute behin helmuga iritsitakoan.
Izena ematea
Antolatzaileek jakin arazi digutenez, urriaren 18an irekiko da helduen lasterketako izena ematea.
Aurreko urteetan bezala, Ostadarreko web gunean, www.ostadrkf.org egin ahalko da, baita Geltoki kaleko 25. zenbakian elkarteak duen bulegoan ere.
Helduen lasterketan, txipa erabiliko da korrikalarien emaitzak jasotzeko eta horregatik, 5 eurotako fidantza eskatuko zaio korrikalari bakoitzari izena ematean.
I. Kirol-probak txapelketa
Fidantza jarriko dute, AFEDEGIk aurten antolatu duen I. Kirolprobak txapelketaren partaide ez badira. Izan ere, partehartzaile horiek txip berezia erabili behar baitute eta txapeleketako web orrialdean egin behar dute izena ematea.
Gure herriko probaz gain, beste bederatzi lasterketa izango dira kontuan txapelketa honetan.
Josetxo Imaz oroimezkoa eta Zumaiako XIV. Zakila Bira dagoeneko jokatu dira, beste probak, Hiru Hondartzetako XXI Amstel Krossa, Donostiako 15km., Euskal Herriko Maratoi erdi Donibane Lohitzun-Hondarribi, Behobia-Donostia, Azkoitiko VI. Herri Lasterketa, Donostiako Nazioarteko Maratoia eta XXVI. San Silvestre Donostiarra Alejandro Auzmendi proba dira.
Txapelketa honi buruz gehiago jakiteko, www.kirolprobak.com orrialdean duzue informazio guztia.