Akordeoi musikaz gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 4a

Zazpi urte dira Zero Sette Akordeoi Orkestrak, Udalaren laguntzarekin Akordeoi Jaialdia antolatzen duela. Urriaren hasieran kontzertu paregabeaz disfrutatzeko aukera proposatu zuten, eta aurtengo zitan ere ez dute hutsik egin. Jende ugari bildu zen Manuel Lekuona kultur etxean ordu eta erdi iraun zuen kontzertua paregabeez disfrutatzeko.

Arratsaldeko 19:30ean puntuan herriko kultur etxean akordeoiaren hotsak izan ziren protagonistak. Aretoa isilik geratu zen Paris-Moscou bikotea, Accordion in Modern eta Zero Sette taldeen kontzertuaz disfrutatzeko.
Akordeoi Jaialdiaren VII. edizioari Accordion in Modern kataluniar taldeak eman zion hasiera. Kontzertu zoragarria eskaini zuten Lasarte-Orian, jazz eta musika modernoa uztartzen duen emanaldia eskaini zuten, bateria eta baxuaren laguntzarekin. Ondoren, Paris-Moscou bikotearen txanda izan zen, bi unibertsoko bidai batean murgilduz. Azken txanda, herriko Zero Sette orkestrarentzat izan zen. Aurten gainera, Iñigo Peñak idatzitako Dharma obraren estreinaldiarekin.

Accordion in Modern

Kataluniar taldearen eskutik akordeoiaren alderdi ezezagunenak ezagutzeko aukera izan genuen. Bateria eta kontrabaxuaren erabilpenak bitxikeri puntua gehitu zion kontzertuari. Musika erakargarria, indartsua entzun ahal izan genuen Suite Moderna, Jig (Suite Irlandesa), Libertango eta Russiche Fontasie jo zuten piezetan. Estilo klasikoa, jazz-a, folklore errusiar eta irlandera eta musika modernoaren nahasketaz disfrutatu ahal izan genuen.
Aktuazio ederra Sabadellgo boskoteak eskaini zuena. Publikoa txaloka jardun zen.

Duo Paris Moscou

Ondoren Duo Paris Moscouren txanda izan zen. Bertan pertsonalitateen arteko alkimia, konplizitatea eta pasio bateratu baten osagarritasuna akordeoian erakutsi ziguten Domi eta Roman bikoteak.
Bidai musikal batean murgildu ginen beraiekin, garai eta estilo ezberdinen nahasketarekin, Paris eta Mosku.
Bi unibertsotan, bi kulturatan, jolasteko bi moduetan... barneratzeko aukera izan genuen. Musikaren bi diseinu erakutsi zizkiguten; bata barietate frantsesera bideratuta eta bestea errusiar musika tradizional klasikora. Bidai ikaragarria bizitzeko aukera izan zen kultur etxean bikote honi esker.
Romanek gainera, piezetan publikoaren interakzioa, parte hartzea eskatu zuen. Modu honetan, ikuslegoak eta kontzertuak bat egin zuten.

Herrikoen txanda

Jaialdiari amaiera emateko, Zero Sette orkestraren txanda izan zen. Kontzertu ederra, ohituak gaituzte horietakoa eskaini zuten Akordeoi Jaialdiaren VII. edizio honetan.
Aurten gainera, Iñigo Peña herritarrak idatzitako obra bat eskaini ziguten, Dharma. Abesti honen bitartez, pertsona guztiak gure barrualdean dugun bizipoza islatu ziguten pieza eder honekin.
Dharma obran Sero Zette Orkestraz gain, Easo abesbatzako hiru neska gazteek ere parte hartu zuten. Obra indartsua, erritmikoa eta txalo zaparrada handiarekin agurtua.

Arrakasta

Akordeoi Jaialdia gure herrian finkatatuta dago erabat. Urtero-urtero arrakasta biltzen du eta horren isla, kultur etxeko aretoa ia betea ageri zitzaigula larunbatean.
Jaialdi honi esker lasarteoriatarrek akordeoiak eskaintzen dituen barietate ezberdinak ezagutzeko aukera bikaina izan dute, akordeoiaren mundura hurbiltzeko.
Txaloak nagusitu ziren jaialdiaren amaieran. Jaialdia amaitzeko, ohiko sarien banaketa izan zen, Iñigo Peñari, Easo Abesbatzako zuzendariari eta talde bakoitzari bana.

Hurrengo edizioaren zain

Aurtengo edizioa berriro ere arrakastatsua izan da. Egun batez herria akordeoi musikaz bete da. Baina berriro jaialdiaz disfrutatzeko, urte bete itxaron beharko da, bitartean, larunbatean ikusitakoa gogoratu eta disfrutatu. Larunbatean ikusitako kontzertuak ez baitira erraz ahazten diren horietakoak.