Goiegiko 76 etxebizitzek badute jabea

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 4a

Ostiralean, 76 herritarrek zortea izan zuten eta Goiegi-Ibarreko Babes Ofizialeko Etxebizitza baten behin behineko onuradunak dira.
Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian egin ziren zozketetan jakin ziren kupo desberdinetako zortedunak zeintzuk ziren.

Zozketa

Lehenengo zozketan, herritarrez gain, Udal ordezkari eta zinegotziak ikusi ahal izan genituen aretoan; mahaian, alkatea, Ekonomia, Ogasun eta Ondasun teknikaria, Udaleko informatikaria eta kontu -hartzailea eta Gipuzkoako Eusko Jaurlaritzako etxebizitza delegatua.
Jesus Zaballosek Babes Ofizialeko etxebizitzen balioa eta orain arte Udalak emandako pausuak azaldu zituen.
Bestalde, Nasiparekin negoziaketetan daudela ere aipatu zuen, “Goiegi-Ibarreko beste 75 etxebizitzak ere Lasarte-Oriako herritarren artean zozketatzeko”.
Ostean, Ekonomia, Ogasun eta Ondasun teknikaria zozketa sistema azaldu eta zozketa egin zen. Ordenagailuak zenbakia aleatorioki erabaki, notarioak bolatxoa atera eta koefizientea sartu ostean, zerrenda atera zen.

Zerrenda

Lehenengo saioan, Udaleko kontu-hartzaileak zerrenda irakurri zuenean, aretoko inork ez zuen poz algararik egin.
Zozketa egin eta minutu batzuetara, kafetegian jarri ziren zerrendak eta horiek begiratzen ari ziren herritarretan ikusi ahal izan ziren erantzunak. Izan ere, zerrenda ikustean, eta ez aretoan, jakin zuten etxebizitza baten onuradunak zirela.
Zerrenda horiek guztiak Udalean eta udaleko web orrialdean daude ikusgai. Hau da, behin behineko onuradunen eta itxaron zerrendan daudenen zerrendak batera ageri dira.
Zozketa honetako itxaron zerrendak indarrean egongo dira hurrengo zozketara arte.

Udalera hurbildu

Zozketa saioan azaldu zenez, Udala bi aldiz saiatuko da onuradunekin harremanetan jartzen. Hala ere, onuradunak gaurtik aurrera Ekonomia, Ogasun eta Ondasun arlora hurbildu behar dira eman behar dituzten pausuak ezagutzeko.