Eguna luzea izan zen jaialdian antolatutako ekintza guztietan parte hartu zutenentzat. Eguerdian gorputzak berotzeko, poteoa, eta gainera kalejiran ibili ziren herriko kaleetan zehar. Jende asko ibili zen Erre Erre txarangaren atzertik musikaz gozatzeko asmoz. Animatuta eta aurretik zetorren egunaz disfrutatzeko gogoekin ikusi genituen bertan bildutakoak. Etxeko txikienak ere txarangak jotako punk eta rock bertsioak dantzatzen ikusi genituen. Herriko kaleak ondo animaturik egon ziren.
Tripa betetzeko ordua
Poteoak luze jo zuen, hirurak arte ez baitziren babarrunak jaten hasi. Bazkari ederra, tripa ondo bete behar egunari aurre egiten jarraitu ahal izateko. Nahiko babarrun eta sakramentu jateko aukera izan zuten Andatza plazara hurbildu zirenak.
Ondo bazkaldu eta gero, atseden pixka bat, ondoren gorputza ondo astintzeko garaia.
Musika eta musika
Arratsaldeko 20:00etan hasi eta berandu arte luzatu ziren kontzertuak Andatza Plazan.
Satura, El Trono de Judas, Aurka, U.K Bill eta Apurtu taldeak hurbildutako guztiak dantzan jarri zituzten. Aurreikusitak zeuden R eta Despervicio taldeek ezin izan zuten jaialdian parte hartu “Despervicioko bateria joleak istripua izan duelako eta R taldeko kide bat gaixotu egin delako” azaldu ziguten antolatzaileek.
Giro ederra jartzea lortu zuten Esna Hadi Kultur elkartekoek. Esperientzia polit honen bidez musika kalera atera da. Elkarteko kide izan nahi duenak ateak irekiak ditu, harremanetan jartzeko mezua bidali helbide honetara esnahadielkartea@hotmail.com edo Sasoeta Udaberri tabernan galdetu. Idei eta proposamen berrien zain daude.
Bizirik irauteko asmoa
Gero eta gutxiago dira herrian egiten diren kontzertuak, eta egon baldin badaude leku itxietan izan ohi dira. Herria biziberritzeko eta musika kalera ateratzeko helburuarekin antolatu du Esna Hadi Kultur elkarteak lehendabiziko aldiz Rock jaialdi hau.