06 Intza-ko pilotari gaztetxoak aktore

jon-altuna 2010eko urriaren 6a

Emily Lobsenz zine zuzendari estatubatuarra Euskal Herriarekin liluratuta dago lehenengo aldiz bisitatu zuenetik. Zinema du ogibide, hainbat filmetan aritu da lanean, eta bere proiektu pertsonalena da "Ipuina Kontatu-The Basque Way” izenekoa. 80 ordu grabatuta ditu Euskal Herrian, besteak beste, arrantza, herri kirolak, artzainak, mahats bilketa, festak eta beste hainbat euskal estanpa; irudi horien aukeraketa batekin datorren urterako 90 minutuko dokumentala osatu eta Zinemaldietan aurkezteko asmoa du.

New York-en bizi da iazko abendutik Connecticut-en sortu zen Emily Lobsenz zine zuzendaria, baina London, Bartzelona, Madril eta Donostian bizi izan zen 2002 eta 2009 artean.
Bartzelonara duela zazpi urte heldu zen, eta, korrikalaria zenez, Ordiziako lagun batek herri honetako lasterketara gonbidatu zuen. Txunditu egin zuen Euskal Herriak, zirrara berezia eragin zioten asteburu horretan hemen ikusitakoak eta kontatu zizkiotenak. Handik aurrera aukera zuenean Euskal Herrira hurbiltzen hasi zen.
Bartzelona eta Madril artean aritu zen film ezberdinetan lanean, eta, hemengo lasterketetara etortzen zen. Baina hori, berak aitortu digunez, aitzakia besterik ez zen. Berak Euskal Herrira etorri nahi zuen, hemengo lagunek kontatzen zizkioten aitzinako kontu eta istorioak ezagutzeko: "Lagunek modu informalean kontatu zizkidaten ipuin horiek oso interesgarriak iruditzen zitzaizkidan, eta horri Euskal Herriko irudi hain eder, berezi eta ikusgarriak gehituz gero,... hortik abiatu zen filma egiteko proiektua".