Beñat Elizaldek brontzezko domina eskuratu zuen Irungo txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 8a

LOKEko judokek lehiaketa denboraldia hasi dute eta dagoeneko eskuratu dute ikasturte honetako lehenengo domina, Beñat Elizalderen eskutik.
Larunbatean, urriaren 2an, Irunen jokatu zen nazioarteko San Martzial txapelketan izan zen hori, Beñat Elizalde judokak bere mailako brontzezko domina lortu zuenean.
Gorka Aristegi entrenatzaileak aipatu digunez, oso txapelketa ona egin zuen Elizaldek: “Lehenengo bi borrokak erraz irabazi zituen, bata Gaztela Leongo judoka baten aurka eta bestea, frantses baten aurka”.
Finalaurrekoan, Kataluniako borrokalari baten aurka lehiatu zen eta “borroka irabazia zirudien arren, Beñaten akats batek galtzera eraman zuen” jakinarazi digu entrenatzaileak.
Azkenik, brontzezko domina lortzeko asturiar bati erraz irabazi ziola adierazi du.