Urte ugariko lana erakusten du eskultoreak eta osagai ezberdinez osatutako multzo bat da; egurrez egindako eskulturak eta serigrafiak.
Hasiera batean, zati handiko eskulturak baziren, urtetik urtera pintura eta paper gaineko serigrafia zein korten altzairua eta kobre xaflak bezalako beste teknika batzuk erabiliz osatuz joan da.
Erakusketa honetako lan garrantzitsuena kolumnak dira, herriko eskultorearen hitzetan.
Mugak bilatzen
Gainera hiru dimentsiotatik bi dimentsiotara pasatzean gertatzen dena eta teknika ezberdinen nahasketa zein lan batek izan ditzakeen lengoaien ondorioa da erakusketa honetaz artista gehien erakarri duena.
Izan ere, mugen bilaketa, ezagutzen ez dituen esparruetan aritzea, gune ilunak lantzea izan dira Miguel Angel Oribe eskultoreak lan hauek egiteko orduan izan dituen erronkak.
Influentzia iturriak
Honetaz gain, arkitekturaren eragina oso nabarmena da erakusketa honetan ikusgai dauden obretan; habeak, zutabeak, hormak, bizitzeko espazioak eta mugatutako espazioa, besteak beste .
Jean ARP, Jorge Oteiza eta bere desokupazioa, XVII. mendeko Miyamoto Musashi samuraia eta bere hutsune aberasgarriak, Zen meditazioa, Van der Rohe eta bere eraikuntzak, Gerardo Rueda, Palazuela eta Peña Ganchegui, besteak beste, izan dira eskultore lasarteoriatarrak kontuan izan duten artistak lan hau egiterakoan.
Nora goaz?
Gure buruan aurkitzen ditugun gune ezkutu horiek jorratuz, babespean sentitzen garen leku horietan, zeinetan egunerokoarekin eten egiten dugun eta gure buruaren leku ezkutuenetatik bidaiatzen garen.
Gizakia nora doan jakitea zaila da, baina benetan axola duena pixkanaka aurrera joatea da. Mugitzen garen bitartean... Hau guztia, erakusketa honetan sumatu daiteke.
Erakusketa polita eta mezu ugariz betetakoa dugu Barne Arkitekturak. Miguel Angel Oribek berriro ere ikuslearen adimena martxan jarriko du.
Bere obrarekin bidaiatu nahi baduzu ez galdu aukera, Urretxun duzu hitzordua hilaren 17a arte.