“Buenos Aires-en datorkit inspirazioa”

jon-altuna 2010ko urr. 8a, 02:00

Joseba Tapiak II. karlistadako abestiekin osatu duen "eta tira eta tunba" diska berria aurkezten ari da asteotan. Gaur bertan arratsaldeko 8etan Hernaniko Biteri kultur etxean izango da eta hilaren 29an Donostian Lugaritz kultur aretoan. "Hor aterako ditugu haizeak metaletatik, doinuak listu tartetik, kantua karlistetatik (bandatik, noski)" esan digu musikari lasarteoriatarrak.

Zakurraren Bibolina disketxea sortu zuen Joseba Tapiak duela laupabost urte eta argitaratzen duen bigarren diskoa da.

“eta tira eta tunba” da diska berriaren izenburua. Nondik atera duzu izena?
Berrehun urte egingo ditu laster, gutxienez. Nik dakidala behintzat, aurreneko karlistada garaitik datorren kantu ezagun baten leloa da. Aldaera ezberdinetan kantatu izan ditu herriak: belarrimotxari edo guardia zibilari edo euskaldun txarrari bukaera aldatuta. Karlistek liberalen kontra idatzitako kantua da. Viva don Karlos eta Doña Margarita, biba relijiyua fuera republika, Eta tira eta tunba eta tira beltzari, eta tira eta tunba...

Karlistadatako bi bandoetako abestiak, gehienak bertsoak, dira ezta? Pozik zoratzen zaude gainera orain arte inork musikatu ez dituelako eta aukera hori izan duzulako....
Zenbaterainoko altxorra da?

Pozik nago eta ez dut ukatuko, baina tristetasun bat ere badaukat. Hain zuzen, kantu zoragarriok ez direlako lehenago plazaratu kantagintza modernoan. Gure folklorearen zati bat dira. Gure kantutegi tradizionalaren parte dira. Euskal Herrian gertatu zen eta gertatu behar ez zuen gerra bat izan zen. Bi alderditan euskaldunak daude, karlistak eta liberalak, biak bertsotan, biak euskaraz. Kantutegi oso bat hortxe eduki dugu eskura baina ez genituen disko batean bildurik ezagutzen. Horregatik eta batez ere edertasun handia dagoelako bertso hauetan, bai gaiaren aldetik baita formaren aldetik, gogoz heldu nion proiektuari. Bertsoek eta kantuek garai bateko gertakizunei buruz informazio zuzena eta baliagarria ekarri ohi dute. Herriak eskribitzen dituelako eta egoera larrian eginak direlako, besteak beste.

“Karlisten bigarren gerrateko bertsoak” liburua noiz izan zenuen eskuetan eta noiztik ari zara buru belarri proiektu honekin?
Ez dakit zehaztasunez esaten; urte eta erdi, gutxi gora behera... Proiektu ezberdinak nituen mahai gainean. Saioak egiten aritu nintzen batean eta bestean. Baina piskana indar gehiago hartu du kantutegi honek. Doinu batzuk eginak nituen eta gerorako utziak nituen ondoren errepasatzeko. Halako batean errejistro horretan jarri nintzen eta doinuak azkarrago zetozen, osotasuna bilakatu zen arte. Gero diskorako batzuk baztertu eta beste berri batzuk ekarri nituen hautaketara. Azkenean hogeitabikoa osatu zen arte.

Gerra zibila jorratu zenuen, orain karlistadak, aspaldiko kantuen bidea jada urratua edo agortua al da, edo bada oraindik non begiratu?
Karlistaden sail honetan kantu asko gelditu dira diskotik kanpora: Xenpelarrenak eta beste askorenak esaterako. Eta egizu kontu nire kantuok denak bigarren karlistadakoak direla, aurrenekoak hor daude zain... Bestetik, ia herriero aurkitzen ahal dira historioak, kontuak eta kantuak. Beraz, bide honetan beste ahalegin bat ere egin liteke ziur. Aurreko diskoetan ere kantu asko gelditu ziren bazterrean. “Agur intxorta maite” diskoan 1936ko Gerra Bilbora iritsi zen arteko kantuak berreskuratu genituen. Baina kanpoan gelditu ziren kartzelaldikoak edo desterrukoak. Beraz hor ere zer landua badago. Noizbait tirako diot soka horri.

Gustuko al duzu paper eta kontu zaharretan arakatzen ibiltzea?
Gure ofizioak eskatzen du tradizioaren ezagutza eta, beraz, arakatu beharra dugu. Baina ez dut edozer bildu edo landu nahi. Gertaera sozialek eta askotan ezkutuan egon diren egiek pizten didate interesa, herriaren ahotsean aurkitzen den edertasunak, galtzailearen bertsioa...

Umoreak tokia izan du zure sorkuntzetan, hau gerrari buruzkoa izanik ba al da tokirik umorearentzat?
Egoera gogorrenetan, injustizi handienean egonik ere jendeak umorea sortzeko izan duen kapazitateak liluratu egiten nau. Beste prespektiba bat eskaintzen du. Gure arazoa txikitu egiten du, aurre egiten erakusten digu. Bizitzaren borborka erakusten du. Nik uste dut disko honetan umoreak leku handia hartzen duela. Elkarren kontrako bertsoetan ironia, burla... Irudimen handia agertzen da.

Eta bestela, zer dago eduki aldetik?
Karlistek, mertzenarioak direla aurpegiratzen die etengabe liberalei. Diruaren truke dabiltzala gerran. Karlos setimo eta doña Margaritaren aldeko ohiuak etengabekoak dira. Gero damua ere ageri da. Azkenerako konturatu dira Karlisten alde ibili direnak engainatu egin zituztela. Beren goikoek desanparatuak utzi dituzte eta foruak eta beste, bost axola zaiela konturatu dira. Liberalek aldiz, ezin dute konprenitu apaizak nola dabiltzan armak hartu eta tiroka. Eta etengabe aipatzen dute Hori ez dela erlijioak dioena. Liberalen artean ere euskaldunak baziren eta foru zaleak ere bai. Bi bandoetakoek euskara erabiltzen dute bertso hauek idazteko. Beraz gizarte baten kontraesana agerian gelditzen da; batzuek gizartea modernizatu egin nahi dute eta besteek tradizioa salbaguardatu. Esaten da gure azken gerrate zibila izan zela Bigarren karlistada hau.

Zein irizpide erabili dituzu bertso edo letrak musikatzeko?
Lehengo bertsokera moduan, kantaera tradizionalen usaiean doinuak sortzen saiatu naiz. Gaurko eraginetik aldentzen saiatu naiz musikak egiteko garaian. Baina haizeko instrumentuentzat moldaketak egiten libreago ibili naiz. Hor infuentzi modernoagoak onartu ditut. Hala ere ez zait iruditu giroa zikintzen zutenik eragin moderno hoiek. Doinu guztiak trikitixarekin egin ditut eta gero etorri dira moldaketak.

Leturiarekin biko formatua, biolin eta tekla laukote, rock Banda, hiru Truku folk- hirukotea, bakarka ipuin kantu kontalari,... denak aurrekoen beste tankera batekoak,.... orain txarangatxoa dakarzu, Zergatik eman diozu txaranga ukitu hori?
Metalak garai hartara hurbiltzeko hautatu ditut. Garai hura musika banda eta banda militarrarekin irudikatu ditut. Bakarka daramadan ibilbide honek aukera ematen dit, testuak eskatzen badu, musika hornidura ezberdin bat egiteko. Ez nabil banda sonora baten bila eta gero harekin kilometroak egin. Beharbada dantzaldiak egiten genituenean alderantzizkoa gertatzen zen. Estimatzen genuen soinu finko bat, herriko dantzaldiaren sonidoaren bila, jazpana tradizional baten gisa. Guztia sartzen da aukeren barruan. Gero norberak bilatzen dio esanahia hautatu duen bideari.

Nolakoa izango da zuzenekoa? Zuzenerako bi bando sortu dituzu... kontaiguzu hori mesedez?
Txandaka ibiliko naiz; batzuetan liberalen bandarekin joango naiz kontzertura, bestetan karlistenarekin. Jende onekin lan egiteko aukera izan dut eta halabeharrez bi banda osatu ditugu. Bietan gustura nabil. Biek eskaintzen dute kantu beraren aldaera ezberdin bat. Sei lagun eszenatoki gainean. Saiatuko gara garai hura gogoratzen, testuingurua ezagutu, bertan egongo bagina bezala izango da gure kontzertua. Horrela gertu-gertutik kantuak dastatuz, leloak kantatuz, batzuen eta besteen arrazoiak entzunez, karlista eta liberal izango gara momentu berean.

Dozena bat disko jada, denetarikoak,... noiz arte trikitixa munduan berritzaile?
Horretan saiatuko naiz ahal dudan bitartean. Garunak, behatzek eta ahotsak laguntzen didan arte. Kantagintzari lotua ikusten dut nire trikitxa; konpromisoko lan bati hauspoa ematen. Hortxe aurkitzen du berrikuntza; azal berritu egiten da, lehengo larrua bota eta berria jantzi. Odolberritu, oxigenoa hartu eta anhidridoa bota, landareen tankeran geroz eta helduagoko martxan gora.

Deseatzen gaude ikusteko, ba al daukazue Lasarte-Oria inguruan Kontzerturen bat eskaintzeko asmorik.
Bai, Datorren ostiral honetan, urriak 12, Hernaniko Biteri kultur etxeko antzokian arratsaldeko 8etan ekingo diogu. Donostian Lugaritz kultur aretoan urriaren 29an. Hor aterako ditugu haizeak metaletatik, doinuak listu tartetik, kantua karlistetatik (bandatik, noski).

Zer diozu autoekoizpena eta disko salmenten krisiari buruz? Zer moduz Zakurraren Bibolina? Esamoldea nondik datorren ba al dakizu?
Hauxe da gure bigarren alea geronek etxean sortua. Zakurraren Biolina zigiluak ekoiztua. Ez dakit noiz arte baina oraindik diskoa geronek atera beharra sentitu dugu. Ez dakigu nora garamatzaten eta noruntz. Ez dakigu ongi aterrizatuko ote dugun ere, diskoen mundua aldaketa batean dagoelako eta gu baino diskoetxe indartsuagoak noraezean ikusten ditugulako. Zakurraren biolina nondik datorren? Zaunkatik eta doinu ederretik aldi berean...

Jarraitzen al duzu Leturiarekin erromerietan?
Tarteka joaldiren bat egiten dugu lagunen artean. Baina karlistek eta liberalek izutu eta alde egin du zaldia hartuta.

Buenos Aires-en sortua, doinu onak sortzen segitzen duzu, oraindik egoten al zara bertan?
Bertan egon baino pasa egiten naiz Buenos Airestik. Buenos Aires da nire aberria halere, nire sorleku eta sortoki. Buenos Airesen etortzen zait inspirazioa. Buenos Airesen erosten dut ogia, Buenos Aires da nire auzoa, hor goien, Zabaletaren proan