Era berean, aurrekontuei egindako emendakinak ere ez ziren onartu.
Aurkeztutako aurrekontua 33 milioi eurokoa zen eta honetan, ia 3 milioiko defizita aurreikusten zen. Gobernu taldearen arabera, “esfortzu handia egin da gastuei eusteko.”
Emendakin osoak
EAJ, LOHP eta EB alderdiek aurrekontuaren zuzenketa osoa eskatu zuten eta PSEE eta PP alderdien aurkako bozkek atzera bota zituzten.
LOHPak Udalaren kudeaketa serioa ez dela adierazi zuen, “2008ko aurrekontua ez zen osorik bete, 2009an, luzatua izan zen eta 2010ean, berandu aurkezten dira, ehuneko handia egina dagoenean” eta gastu handia dagoela salatu zuen, “diru sarrerak baino, gastu korronte gehiago dago.”
Honela, langile eta gastu murrizketa, haur eskola eta jangelaren erantzukizuna Hezkuntzaren esku uztea eta 2011ko aurrekontua egitea gomendatu zion Gobernu taldeari.
EAJ alderdiak urteko garai honetan kredituen aldaketa egitea normalagoa dela adierazi zion Gobernu taldeari eta bat etorri zen LOHPrekin 2011ko aurrekontua prestatu behar zuela esatean.
Honetaz gain, aurrekontuek zorpetze handia dakarrela, sail batzuen ditu sarrerak eta gastuak errealak ez izatea eta beharrezkoak ez diren lanak egin direla salatu zuen.
EBk positibotzat hartu zuen aurrekontua aurkeztea eta “2011ko aurrekonturako baliagarria izatea” espero zuela ere adierazi zuen.
Ortega bat etorri zen LOHPrekin, aurrekonturen ehuneko handia egina dagoela aipatzean eta Udalarenak ez diren erantzukizunak dagokien erakundeen eskuetan jarri behar direla aipatzean, Atsobakarreko zaharren egoitza, esate baterako.
Langileekiko hartutako neurriekin ez zen ados agertu eta zaborren faktura igoera Partzuergoak errauskailua finantzatzeko erabiliko duela salatu zuen.
PSEEk oposizioko alderdiek aurretik aurrekontua ez aurkeztea eta orain aurkeztea leporatu izana salatu zuen eta egoerari egokitutako aurrekontua dela azaldu zuten.
Era berean, haur eskola, jangela eta Atsobakar zahar egoitzako ardura izan beharko luketen erakundeekin negoziaketetan daudela jakin arazi zuen, “horrek gastu karga handia kenduko liguke.”
Emendakin partzialak
Ostean, alkateak 15 minutuko atsedena eskatu zuen arren, ordu erdiko etena egin zen.
Ezker Abertzaleko zinegotziak kexa aurkeztu zuten luzapen horregatik.
Horren ostean, PSEEk aurkeztutako inbertsioen murrizketaren emendakina bertan behera utzi zuen alderdiak.
Eta PP eta EAJ alderdiek emendakin transakzionala, hau da, bateratua egin zuten, udalbatzarrean negoziaketa eginez.
Azkenean, liberatu baten eta alkatetzako laguntzaile baten murrizketaz gain, Gobernu taldeko liberatuen soldataren %5a eta beste zinegotzien %10a jaistea proposatu zuten.
PSEEko eta Ezker Abertzaleko bozkek, zuzenketa egitea ekidin zuten. Ezker Abertzaleko zinegotziek gertatutakoa salatu zuten, “hau guztia dagokion Batzordean negoziatu behar da, hau ez da gauzak egiteko era”.
Bestalde, EAJk Gaztelekuko lanen eta zerbitzuen gastuak kentzeko eskatu zuten eta, era berean, Urgolf enpresa eta Udalaren akordioaren arabera egingo diren etxebizitzen urbanizazioko diru sarrerak eta gastuak aurrekontutik kentzeko eskaera egin zuen alderdi jeltzaleak.
Koherentzia
Alkateak prentsari azaldu zionez, Udalarentzat egoera zaila da hau, aurrekontuak onartu ez izana, “aurreikusiak zeuden zenbait obra oraingoz bertan behera geratzea dakar”.
Gauzak horrela, oposizioko taldeei koherentzia eskatzen die, “lan hauen alde bozkatu dute, baina hauen finantzaketari ezetz esan diote.”
Honetaz gain , 2011ko aurrekontuan lanean direla aurreratu zuen.