Denboraldi honetan Ostadar eta Texas Lasartearra herriko taldeen arteko lehen norgehiagoka zen hau eta Ostadarrek eraman zituen hiru puntuak.
Fisikoki partida gogorra izan zen jokalari guztientzat. Izan ere, falta ugari egin ziren. Baina futbola ere ikusi zen zelaian. Batez ere, Igor Berek eta Iñigo Zelarainek zuzentzen duten Ostadarren taldearen eskutik.
Ostadar gogotsu
Igor Berek eta Iñigo Zelarainek zuzentzen duten taldea indarrez atera zen. Hasieratik serio jokatu zuen, baloia ongi mugitu eta gol aukera dezente izan zituen.
Texas Lasartearra taldeak baja ugarirekin egin zion aurre partidari. Honela, Koldo Ageitosen mutilak ez ziren partidara egokitu lehenengo zatiko hasieran, ez zuten jokoaren ikuspegirik eta pase luzeak eginez arerioaren atera iristen saiatzen ziren.
Era honetara, Ostadar taldeak partidan aurreratzea lortu zuen, Unai Ituarteren gol batekin.
Bi taldeek golaren bila joan ziren orduan eta Texasen alde egin zuen zorteak, Javi Torresen jaurtiketa Ostadarreko sarean sartu baitzen.
Berriro ere lehia sortu zen markagailuan zein talde gailenduko eta atsedenaldia iritsi zen banako berdinketarekin.
Ezin emaitza mantendu
Bigarren zatian, Koldo Ageitosen mutilak izan ziren markagailuan aurretik jarri zirenak, Fernandezen gol bati esker.
Tamalez, Ostadarreko mutilek aurre egin zioten egoerari eta partida bere alde jarri zuten hiru gol eginez.
Ander Rekondo, Ander Petxarroman eta Unai Ituarteren partidako bigarren gola ikusi ziren.
Ostadarrek ez zuen amore eman eta gol errenta handiagoa izan zitekeen, Txepo Texaseko atezainak gol aukerak geratu ez balitu.