Politika eta ekonomia

inaki-erauskin 2010eko urriaren 15a

Etxebizitzaren arazoa larria eta iskanbilatsua da, jendeak emozio askorekin bizi duena. Horren adibide garbia da duela egun batzuk Goiegiko ibarrean eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxeen zozketa. "Irabazle" batzuk ezagunak ditut eta pozten naiz eurengatik (baita besteengatik ere).
Hori esanda, ez zait bidezkoa iruditzen Administrazioak zozketa erabiltzea baliabide urriak esleiteko orduan. Ez da justua. Loteria ez da justua. Administrazioak herritar guztiei aukera berdinak eman behar dizkie eta zozketak ez du hori bermatzen. Zer irudituko litzaizuke zozketa batean niri zergak ez ordaintzea egokituko balitzait eta zuri ez?
Horrek beste zerbaitera garamatza. Zer egin dezake Administrazioak? Adituek hainbat neurri proposatu dituzte arazo zail horri aurre egiteko: etxebizitzen alokairua sustatzea (alokatzearen tratamendua hobetuz), zozketarik ez erabiltzea babes ofizialeko etxebizitzak "saltzerakoan" eta epe jakin baterako alokatzera bideratzea baliabideak, etxebizitza erostearen zerga-tratamendu mesedegarria ezabatzea, etxebizitzen prezioak behera egin dezakeela jakin araztea, sistema finantzieroaren portaera hobeto gainbegiratzea (maileguen baldintzak, tasazioak, …), eta lur gehiago "askatzea" (baina azken hau ez dago hain argi).
Beno, besterik ez ... Ah, bai!!! 2010eko Ekonomiako hiru Nobel saridunak politika eta ekonomia lotuta dauden beste atal bat landu dute, lan merkatuarena. Baina hori beste baterako utziko dut. Agur.