Igandean, urriaren 10ean, pertsona adinduen egun handia izan zen Lasarte-Orian.
Ohikoa den bezala, bazkaria egin zen. Bertan, 870 herritar batu ziren eta Maximiano Castro, 1914. urtean jaioa, eta 1918an jaiotako Josefa Ignacia Otaegui omendu zituen Udalak, bazkariko pertsona adinduenak izateagatik.
Hauetaz gain, oroigarri bat jaso zuten aurten 80 urte bete dituzten edo beteko dituzten 23 herritarrek ere.
Ospakizunak
Baina hau ez zen egun honetako ospakizun bakarra izan.
Lehenik, San Pedro parrokian meza ospatu zen. Alboka Abesbatzak, Patxi Etxeberria bertsolariak eta Amalur eskolako trikitixa taldea eta dantzariek parte hartu zuten meza girotuaz.
Irteeran, Ostarte taldeko gazteek klabelinak banatuko zizkieten.
Ostean, Amalurrekoek kalejira alaian Manuel Lekuona kultur etxerako bidea egin zuten, kalean zeuden herritar guztiak jaialdira gonbidatuz.
Izan ere, bertan Lasarte-Oriako Biyak-Bat erretiratuen elkarteko abesbatzak eskainitako kontzertua entzuteko aukera egon zen, baita hainbat txiste entzuteko ere.