Goizeko 09:00etatik eguerdiko 14:00ak bitartean egin ahalko dira ibilbide hauek, beti ere topaketen barruan egin ezkero. Edozein egunetan ere bakoitzak bere kabuz gure eskualdea ezagutzeko parada antolatu dezake.
09:00etan da herri bakoitzean hitzordua topaketei hasiera emateko. Gure herrian, San Pedro elizaren ondoko plazan izango da geralekua. Usurbilen, Santuenea auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean. Andoainen eta Urnietan, udaletxe azpian.
Gure inguru naturala
Bidezidor eta bide ezberdinak (5 bide topaketa hauetan) aurkitzen ditugu gure inguruetan. Aukera ezberdinak proposatzen zaizkigu Buruntzaldeko ibilbideen hirugarren eguneko topaketa honetan.
Landako paisaiatik barrena ibilaldiez gozatzeko aukera izango dugu, baita belardiak eta basoak zeharkatzekoa ere. Baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbiltzeko aukera paregabea ere eskaintzen da.
Bidez ez nahastu
Herrietan ibilbide zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio kolorea aintzat hartuz ipinita daude. Seinale edo kolore bat ikusita jakingo dugu zein bidetan aurkitzen garen. Lasarte-Oria urre zaharraren kolorez, Urnieta berdeaz, Usurbil laranjaz eta Andoain urdinez adierazita egongo dira.
Koloreak ez nahastu
Andoain eta Lasarte-Oria lotzen dituen ibilbidean urdina eta urre zaharra izango dira nagusi; 7,9 kmko luzera du eta oinez soilik egin daiteke.
Andoain eta Urnieta ibilbidea urdina eta berdez irudikatuta ikusiko dugu. 4,8 kmko luzera du eta oinez zein bizikletaz egin daiteke.
Andoain eta Usurbil urdinez eta laranjaz irudikatuta ikusiko dugu. 14,9 kmko luzera du (luzeena), eta oinez soilik egin daiteke.
Lasarte-Oria-Urnieta ibilbidea, urre zaharra eta berdez ikusiko dugu seinalatuta. 3,9 kmko luzera du, eta oinez zein bizikletaz egin daiteke.
Azkenik, Lasarte-Oria eta Usurbil elkartzen dituen ibilbidea dugu. 4,5 kmko luzera du (Santuenearaino) eta oinez edo bizikletaz egin daiteke.
Ibilbide guztietan kiroletako oinetakoak eramatea gomendatzen da. Oinak ondo babestu behar dira bide osoan eroso ibili ahal izateko.
Oroigarri gisa
Hirugarren topaketa hauetan parte hartzen duen orori abiatzeko unean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin.
Formaz ondo aurkitzen dena eta bi ibilbide egiteko gogoz dagoena, jakin dezala kamiseta bat jasoko duela opari eguneko oroigarri gisa. Andoain-Usurbil ibilbidea egiten dutenak ere, bietako edozein norabidean eginez gero, kamiseta bat ere eskuratuko du. Ibilbide hau izango dugu salbuespen bakarra, besteak baino kilometro gehiago dituelako, beste bi ibilbideen antzera.
Buelta autobusez
Topaketaren amaieran autobus zerbitzua eskainiko da, partaideak euren herrira itzuli ahal izateko. Zerbitzu hau erabiltzeko, derrigor, hasieran jasotako txartela zigilatua aurkeztu behar da. Ordutegia ezberdina izango da; eta Usurbildik atera, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietara joko du. Ondoren buelta berriro.
Lasarte-Orian Dorretxeko biribilgunean izango da geltokia. Autobusak 12:15, 13:15 eta 14:15ean irtengo dira bertatik.
Usurbilen, udaletxe aurrean, Nagusia 22n izango da geltokia. Ordutegia, 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan.
Andoainen goiko plazaren atzealdetik irtengo da autobusa. 12:30, 13:30 eta 14:30ean izango ditu irteerak.
Azkenik, Urnietan kioskoko geltokian hartu ahal izango da. Autobusak, 12:40, 13:40 eta 14:40ean. Azken autobusa honek zerbitzuari amaiera emango dio.
Antolakuntza
Buruntzaldeko udalek, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil dira berriro ere Buruntzaldeko Ibilbideen topaketako arduradunak. Eta aurten, gure herriko kiroldegiak, Lasarte-Oriakoak hartu du ardura nagusia.
Gogoratu, herriko kontrolen ardura herri bakoitzarena izango dela.
Ekintza hau aurrera atera ahal izateko beti ere laguntzaileen ekarpena oso garrantzitsua da. Aurten, Andatza Mendi Elkartea, Euskalduna Mendizale Elkartea, Ostadar K.F Mendiko Saila eta Super Amarari esker aurrera egingo du topaketa honen hirugarren egunak.
2007an egin zen lehenengo aldiz Buruntzaldeko ibilbideen eguna. 2008ko hutsunea eta gero, 2009an berriro martxan jarri, eta aurten urriaren 17an hirugarren edizioa izango dugu.
Mugitu gorputza
Kirola egin nahi baduzu, amateur moduan adibidez, eta gure eskualdea ezagutu nahi baduzu aukera polita eta interesgarria duzu hau.
Ostadarreko mendi sailak beraiekin batera Buruntzaldeko buelta osoa emateko aukera ere eskaini nahi die herritarrei. Horretarako, goizeko 08:00etan San Pedro elizan jarri dute hitzordua. Gure inguruak ezagutzeko aukera ederra, gida paregabeekin. Eta ez bazara ibilbide osoa egiteko gai ikusten lasai, autobus zerbitzuei esker etxera bueltatu ahalko zara.
Talde honek ere Lasarte-Oria eta Andoain arteko tartea gomendatzen du, bide erraza eta paisaia ederrez osatutakoa baita. Bide bakarra egitea baduzu buruan, hau izan daiteke gozagarriena.
Familian, lagunekin... ibilbide aproposak adin guztientzako. Egun ederra pasa eta gure bazterrak ezagutu nahi izanez gero, aukera ederra.