Haurrentzako autoeskola berezia larunbatean Urbilen

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 15a

Kontzientziatu zaitez! Urritasunarekin ere gai zara kanpainaren autoeskola berezia bihar iritsiko da, berriro ere, Urbil Merkatal Guneko aparkalekura.
6 eta 12 urte arteko urritasuna eta urritasunik ez duten haurrei zuzendua dago eta helburua urritasuna duten pertsonek bide-hezkuntza arloan duten gaitasuna erakustea da.
Michelin Lasarte eta Adecco fundazioak sustatutako egitasmo honek pertsonaia ezagun ezberdinen babesa du, esate baterako, Richard Oribe igerilaria, Josune Bereziartua eskalatzailea edo Xabier Euskitze bertsolaria. Eta gainera bihar egongo dira bertan.
Era honetara, gela didaktiko batean bide-hezkuntzari buruzko oinarrizko ezagutza eskainiko zaie haurrei eta ostean, zirkuituan haurrek ikasitakoa praktikan jarriko dute.
Honetaz gain, sentsibilizazioa ere landuko da. Honela, bikoteka hirian barrena buelta bat eman beharko dute eta haurretako batek urritasuna izango balu bezala jokatu beharko du. Beste batzuk, berriz, gurpildun aulkian zirkuito berezia egingo dute.
Autoeskola berezi honetaz gozatzeko, hurbil zaitezte Urbilera, goizean 11:00etatik 13:00etara edo arratsaldean 16:00etatik 19:00etara.