Akordioaren haustura
Gogoratu behar da, 2009ko urrian, PSE-EE, EAJ eta Hamaikabatek “egonkortasun instituzionala egoteko, krisi ekonomikoaren aurkako eta Euskadiko ongizatearen sostengarritasunerako akordioa sinatu genuela”, dio Corcuerak.
Akordioan ezartzen da PSE-EEk Euskal Gobernuan, EAJ eta Hamaikabat-ek Foru Aldundietan, eta hiru alderdi hauek alkatetza duten udaletxeetan, oposizioarekin akordioak lortzeko bideak irekitzeko konpromisoa hartzen dutela. Era honetara, Parlamentu edota Udaletan, 2010eko aurrekontu orokorreko proiektuetan, elkarrekiko apustu baten alde egin beharko lukete taldeek eta beraz aldeko bozka eman edota abstenitu.
Plenoa
Hilaren 7ko plenoan ez zen 2010eko 33 milioi eurotako aurrekontu proiektua onartu. Honen harira “hainbat hirigintza obra eta ekipamenduen hobekuntzek aurrekontu berriaren aurkezpenera itxaron beharko dute, 2011 urterako geratuz” dio Corcuerak.
Egoera ekonomiko berezia da orain bizitzen ari garena eta horren harira “udaletxeak moldatu egin behar dira eta udal-aurrekontu bat oztopatzean udalerria izaten da kaltetua,” Corcueraren hitzetan. Zerbitzuetan, gastu sozialean eta inbertsioetan eragina edukiko du erabakiak “2010 egoera ekonomikoa ez da 2009 urtekoaren antzeko, nahiz eta 2009ko egoera ekonomikoa oso txarra izan zen”.
Susana Corcueraren ustez EAJ eta Hamaikabaten jarrera “elkartasun eza baino ez da, ez dute egoeran lagundu nahi”. Gainera, EAJ eta Hamaibat euren interes partikularretara mugatzen direla leporatzen die, “interes orokorrez ahaztuz”.
Era berean, “denak balio du” estrategia erabiltzea egozten die alderdi sozialistak bi alderdiei. Bizi dugun egoera ekonomiko honi aurre egin ahal izateko “estatu honetan maila egokia duten alderdi eta politikoak behar dira, eta EAJk eta Hamaikabaten jarrera arduragabekeriarena izan da”.
Honen aurrean, Corcuerak adierazi duenez sozialistek ozen esan nahi dute “Lasarte-Oria aurrera aterako dugula, laguntzarik ez badugu ere”.
Ezker Abertzalearen kritika
Era berean, herriko Ezker Abertzaleko zinegotziek azkenengo udalbatzarrean gertatutakoa salatu dute “urteko aurrekontua gai serio eta oso garrantzitsua da, ez da merkadeo edo salerosketa gai bat” adieraziz. Euren ustez ezin da gai hau akordiorik gabe plenoan aurkeztu “askotan entzun dugu horretarako batzordeak direla eztabaida gune onenak”.
Gainera, batzarra hasi aurretik alderdi sozialistak azken orduko proposamen bat mahai gainean jarri zuela azaldu dute. “Zergatik? akordiorik ez zutelako eta gutxiengoan zeudelako? Zertarako eskatu zenuten ordu laurdeneko etenaldia? Norekin bildu zineten? Alderdi Popularrarekin? Zertarako? zeren truke?” Hauek dira erantzunik gabe dauden galderetako batzuk haien ustez.
Bestetik, alderdi popularraren jarrera eta EAJk egindako joko bikoitza bidegabekeriatzat jotzen dute. “Encinasen jarrera pertsonal eta partidista da, ezin zarete bere joko zikin eta interesatuan erori” gomendatzen diote alderdi sozialistari. Bestetik, “EAJko bozeramaileak eman zuen irudi lotsagarria salatu nahi dugu, truke-salerosketa batean ginela ematen zuen” gaineratu dute.
Alderdi sozialistak udalaren kontu sei liberatu izatea “gehiegizko pribilegioa iruditzen zaigu” adierazten dute. Izan ere, “teknikariek egin beharreko lanetan gehiegizko konfiantza kargu daudela uste dugu”. Honen harira “gastu korrontea jaitsi behar da, eta kargu hauetatik hasi gaitezke”.
Bestetik, hondakin bilketan “apustu garestiena, ez jasangarriena egiten duzue, zertan datza 2007ko udal batzarrak hartutako erabakia?” salatzen dute.
Honetaz gain, aurrekontu parte hartzaile batzuk nahi dituztela adierazten dute, “herriko sektore desberdinekin, hitz egin eta adostutakoak”.
Eta egoerari buelta emateko momentua dela azaltzen dute: “etxe barrutik hasi behar zara Zaballos” eta azken urteetan kudeaketa negargarri, ilun eta arraroaren arduradunari kontuak eskatzea gomendatzen diote. “Legealdiko lehen egunean lanera gentozela esan genizun, lanean gara eta nahi duzunean badakizu non gauden” amaitzen dute.