Atzo iluntzean aurkeztu zen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren hamabosgarren edizioa

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 16a

Ostadar Kirol Fundazioak atzo arratsaldean aurkeztu zuen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Lasterketa urriaren 31n korrituko da, goizeko 10:30ean hasita –elbarrituak zertxobait lehenago aterako dira– eta hasi aurretik Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatuko diete korrikalari guztiei. “Modu horretan partehartzaile guztiak omendu nahi ditugu, ez soilik irabazleak”, eman dute aditzera Ostadar Kirol Fundaziotik. Aurreko edizioan bezala irteera eta helmuga puntua Fundazioak Geltoki kaleko 25. zenbakian (futbol zelaiaren ondoan) duen egoitza inguruan izango da eta parte-hartzaileek 10.000 metroko ibilbidea bete beharko dute.

Lasterketa Herrikoiek Ligan

XV. edizioan bada berrikuntzarik. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia “Lasterketa Herrikoien Igo Ligarako” puntuagarria izango baita. Lehiaketa horretan parte hartzeko behar beharrezkoa da txip horia eramatea. Lasarte-Oriakoarekin batera beste bederatzi lasterketek osatzen dute Liga: Josetxo Imaz Memorialak, Zumaiako Zakila Birak, Hiru hondartzetako lasterketak, Donostiako 15 kilometrotakoak, San Juan de Luz-Hondarribik, Behobia-Donostiak, Azkoitiko Herri Krosak, Donostiako Maratoia eta Donostiako San Silvestrestreak.

Izen-ematea

Aurkezpen ekitaldian aurreratu zutenez, izen-ematea astelehenean, urriaren 18an, zabalduko da. Hortaz, korrikalariek bi asteko epea izango dute dortsalak jasotzeko, baina antolatzaileek “azken unera arte ez itxaroteko” gonbitea egin diete.

Izena emateko aukera ugari daude. Geltoki kaleko 25. zenbakian Ostadar Kirol Fundazioak duen egoitzan astelehenetik ostiralera (17:00etatik 20:00etara) eta larunbatetan (11:000etatik 13:00etara) egin daiteke; www.ostadarkf.org web orrialdean; 943 360433 telefono zenbakian; lasterketa egunean Mitxelingo frontoian (9:00etatik 10:00etara) eta kirol denda hauetan: Dechatlon (Donostia), Shanti Kirolak (Tolosa), Aralar Kirolak (Tolosa), Apalategi (Donostia eta Zumarraga), Robers (Donostia), Easo Sport (Donostia), Laister Kirolak (Donostia), NereSport (Zarautz) eta Leire Sport (Irun).

Kros Txikia

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Kros Txikiaren hamargarren edizioa hasiko da. Antolatzaileek bost eta hamalau urte arteko 800 korrikalari inguru espero dituzte –aurten kopurua zabaldu egin dute–. Sei mailatan banatu dituzte, eta adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte. Izen-ematea Ostadar Kirol Fundazioaren egoitzan egin behar dute. Haur bakoitzak 4 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bana jasoko dituzte.