Pena izan zen jeiki eta eguraldi txarra ikusi izana lehiotik; giro hori ikusita, seguruenik bat baino gehiago, nagikeriak jota, ez zen animatuko ibilbideren bat egitea, baina hala ere, jende ugari bildu zen eguraldiari aurre eginez inguruko herritako paisai eta bidezidorrak ezagutzeko eta gozatzeko asmoz.
Ibilbide osoa
Goiztiarrenak Ostadar Kirol Fundazioko Mendiko Saileko kideak izan ziren. Hauek goizeko zortzietarako abiatu ziren ibilbide guztiak egiteko asmoz; Lasarte-Oriatik Usurbilera joan ziren, handik Andoainera, Urnietara eta berriro Lasarte-Oriara.
Eguerdi aldera eguraldiak hobera egin zuen eta atertzeaz gain eguzkia ikusteko aukera ere izan zen.
Eguerdiko 12ak alderako, 92 lagun pasa ziren Lasarte-Oriako kontroletik, hauen artean, Andoaindik ateratako hiru familiek osatzen zuten kuadrilla, haur eta guzti. Andoaindik atera eta Urnietara jo zuten, gero Lasarte-Oriara eta hemendik Usurbilera. Andoinera oinez itzultzeko asmoa zuten, haurrek eusten bazieten, eta hauen esanetan oso gustura ari ziren ibilbidea egiten eta oinez amaitzeko asmoa zuten.
Bestalde, Urnietatik abiatutako boskote bat ere bi aldiz pasa zen herriko kontroletik, izan ere Urnietan hasi, Lasarte-Oriatik pasa, Usurbilera, berriro Lasarte-Oriara eta autobusa hartu ez hartu zalantzatan egon baziren ere, giro onak animatuta oinez itzuli ziren Urnietara.
Lasarte-Oriatik 61 partaide abiatu ziren eta guztira Lasarte-Oriako kontroletik 127 lagun pasa ziren, txartelak zigilatu, dagokionari kamiseta jaso, mokadutxo bat jan edo zerbait edateko. Esan beharra dago, eguna hain goibel esnatzeko, jende asko animatu zela eta antolatzaileak pozik agertu ziren parte-hartzearekin. Aurtengoan euriak ez badu asko lagundu ere, jende ugari animatu zen, ea laugarren edizioan eguraldiak laguntzen duen.