Proiektu ezberdinei eman die laguntza Lasarte-Oriako Udalak, baina gehienak txirotasun eta behar larriei aurre egiteko proiektuak izan ziren: etxebizitzak egiteko, urakanen ondorioak konpontzeko, eskolak egin eta laguntzeko, kultura bultzatzeko… eta oro har, hiru erakundek jaso dituzte, Ohlos (Oficina de Hermanamiento Lasarte-Oria Somoto) bi herrien arteko harreman bulegoak, Asodecom (Asociación de Desarrollo Comunitario) Garapen Elkarteak, eta Somotoko Udalak berak.
Somotoko alkate Marcio Rivas zen Asodecom elkarteko lehendakari ere. Elkarte honi aurretik ere irregulartasunak leporatu zizkioten, esaterako Errioxako fiskalak aztertu zituen, Errioxako Gobernuaren bitartez, Bake, Desarmatze eta Askatasunaren aldeko Mugimendua deituriko Gobernuz Kanpoko Erakundeak Asodecom-i emandako laguntzak, hain zuzen ere, proiektua justifikatzeko orduan zeuden irregulartasunengatik. Hainbat enpresa sortu zituen Asodecom elkarteak eta batzuek Sozietate Anonimo gisa gelditu dira.
Irregulartasunak
Ohlos bulegoak ere jasotzen zuen Lasarte-Oriako diru laguntza, pertsonalitate juridikorik ez bazuen ere. Azken hilabeteotan zabaldu denez, Lasarte-Oriako agintariek bazekiten diruz lagundutako proiektuak kudeatzen zituen bulegoak ez zuela beharrezko nortasun juridikorik.
Lasarte-Oriako Udaleko agintariek urteetan zehar hiru erakunde hauek aurkeztutako hainbat proiektu onartu zituzten, 2009ko azaroan, txosten baten bidez, Ion Murua Udaleko kontu-hartzaileak Somotora bideratutako diru-laguntzak ongi justifikatuak ez zeudela eta irregulartasunak zeudela jakinarazi zuen arte. Gipuzkoako fiskaltzak, aldiz, ez du delitu zantzurik ikusi eta irregulartasunak egotekotan, hauek jurisdikzio administratiboari dagozkiola adierazi du.
Irregulartasunak ezagutu zirenean, Lasarte Oriako Udal Batzarrak, kooperazioari bideratutako diru-laguntzen inguruko Ikerketa Batzordea sortzea erabaki eta 2009ko abenduan osatu zen. Oposizioko taldeek salatu dutenez, eskatutako hainbat informazio ez dituzte jaso eta pertsona konkretuen agerraldiak ez dira onartu. Oposizioak horrela eskatu bazuen ere, Somotoko udaleko, Asodecom edo Oholos-eko arduradunek ez dute agerraldirik egingo ikerketa batzordean.
Lasarte Oriako udalak, 2010eko uztailean Nikaraguako Deloitte enpresa independentea kontratatu zuen, aldiz, Somotora bideratutako proiektu eta laguntzen inguruko auditoria egiteko.
2010ko otsailean Ana Urchueguiak dimisioa aurkeztu zuen eta ordutik Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria da Peru eta Txilen. Dena den, alkate ohiak kargua uzterakoan ardurarik ez zuela saihestuko adierazi zuen eta batzordearen aurrean deklaratu du urriaren 8an.
2010ko ekainean, hilabeteko atzerapenarekin hasi ziren Ikerketa Batzordearen aurrean agerraldiak. Hasieran Euskara, Kultura eta Hezkuntza eta Kiroletako teknikariek deklaratu bazuten ere, gerora laguntzekin harreman estuagoa zutenak pasa dira batzordetik, Xabier Ejea udaleko idazkaria, Ion Murua kontu-hartzailea, Aitor Moreno kooperazio teknikaria eta Natividad Del Hoyo, Zerbitzu Sozialetako zuzendaria. Ondoren PSEko ordezkariek deklaratu dute, Lurdes Acevedo Zerbitzu Sozialetako lehendakariak, Iñaki Mugica alkate ordeak eta Ana Urchueguia alkate ohiak.