Abian da XV. Kros Herrikoia

Txintxarri Aldizkaria 2010ko urr. 18a, 02:00

Ostadar Kirol Fundazioak ostiral iluntzean aurkeztu zuen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Lasterketa urriaren 31n izango da, goizeko 10:30ean hasita –elbarrituak pixka bat lehenago aterako dira– eta hasi aurretik Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatuko diete korrikalari guztiei. “Modu horretan partehartzaile guztiak omendu nahi ditugu, ez soilik irabazleak”, eman dute aditzera Ostadar Kirol Fundaziotik. Aurreko edizioan bezala irteera eta helmuga puntua Ostadarrek Geltoki kaleko 25. zenbakian (futbol zelaiaren ondoan) duen egoitza inguruan izango da eta parte-hartzaileek 10 kilometroko ibilbidea bete beharko dute.

Lasterketa Herrikoien Ligan

XV. edizioan bada berrikuntzarik. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia “Lasterketa Herrikoien Igo Ligarako” puntuagarria izango baita. Lehiaketa horretan parte hartzeko behar beharrezkoa da txip horia eramatea. Lasarte-Oriakoarekin batera beste bederatzi lasterketek osatzen dute Liga: Josetxo Imaz Memorialak, Zumaiako Zakila Birak, Hiru hondartzetako lasterketak, Donostiako 15 kilometrotakoak, San Juan de Luz-Hondarribik, Behobia-Donostiak, Azkoitiko Herri Krosak, Donostiako Maratoia eta Donostiako San Silvestrestreak.

Izen-ematea

Aurkezpen ekitaldian aurreratu zutenez, izen-ematea gaur bertan, urriaren 18an, zabalduko da. Hortaz, korrikalariek bi asteko epea izango dute dortsalak jasotzeko, baina antolatzaileek “azken unera arte ez itxaroteko” eskaera egin diete.
Izena emateko aukera ugari daude. Geltoki kaleko 25. zenbakian Ostadar Kirol Fundazioak duen egoitzan astelehenetik ostiralera (17:00etatik 20:00etara) eta larunbatetan (11:00etatik 13:00etara) egin daiteke; www.ostadarkf.org web orrialdean; 943 360433 telefono zenbakian; lasterketa egunean Mitxelingo frontoian (9:00etatik 10:00etara) eta kirol denda hauetan: Decathlon (Donostia), Shanti Kirolak (Tolosa), Aralar Kirolak (Tolosa), Apalategi (Donostia eta Zumarraga), Robers (Donostia), Easo Sport (Donostia), Laister Kirolak (Donostia), NereSport (Zarautz) eta Leire Sport (Irun).
Izen-emateak 10 euro balio du -Ostadarreko bazkideentzat, 6 euro-, eta azkeneko egunerako uzten dutenek, 15 euro ordaindu beharko dituzte. Era berean, korrikalariek lasterketa amaitzean itzuliko zaizkien 5 euroko fidantza ere ordaindu beharko dute, aurten ere denborak txiparekin neurtuko baitituzte.

Kros Txikia

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Kros Txikiaren hamargarren edizioa hasiko da. Antolatzaileek bost eta hamalau urte arteko 800 korrikalari inguru espero dituzte –aurten kopurua zabaldu egin dute–. Sei mailatan banatu dituzte, eta adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte. Izen-ematea Ostadar Kirol Fundazioaren egoitzan egin behar dute.
Haur bakoitzak 4 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bana jasoko dituzte.