Bide-hezkuntzaren garrantzia landu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 18a

Bigarren urtez, Urbil Merkatal Guneko aparkalekuan ospatu zen larunbatean Kontzientziatu zaitez! Urritasunarekin ere gai zara kanpaina. Michelin Lasarte eta Adecco fundazioak sustatutako egitasmo honek autoeskola berezia jarri zuen 6 eta 12 urte arteko urritasuna eta urritasunik ez duten haurrei zuzendua. Gainera, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo udalen babesa izateaz gain, bertan baitziren Iñaki Mujita alkate ordea eta Xabier Mikel Errekondo, hainbat kirolari ezagunen babesa ere izan zuen. Bertan egon ziren Santi Idigoras, Abraham Olano, Josune Bereziartu eta Richar Oribe kirolariak haurrei bide-hezkuntzako hainbat aholku emanez.
Haur askok hartu zuten parte autoeskola berezi honetan, batzuk urritasunekin eta beste batzuk gabe, baina denak prest ikasteko eta beraien trebezia gurasoei eta hurbildutakoei erakusteko.
Autoetan sartu aurretik gela didaktiko batean oinarrizko azalpen teorikoa jaso behar izan zuten eta ondoren, haurrek kaskoa jantzi, autoetan sartu eta zirkuituan beraien abilezia erakutsi zuten. Autoan sartzerakoan gainera, Josune Bereizartu eta Abraham Olano egon ziren aholku batzuk ematen.
Autoen zirkuituaz gain, sentsibilizazioa lantzeko beste zirkuitu bat zegoen martxan. Honetan gurpildun aulkietan eseri eta ibilbidetxo bat egin behar zuten, batzuk trebezia handiz egin zuten, beste batzuei ez zitzaien erraza egin. Bestalde begiak estali eta makil baten laguntzaz ibilbidea egiteko aukera ere izan zuten, itsuek kalean dituzten trabak nolakoak diren ezagutzeko aukera ederra izan zuten.