[i]Punto[/i]-ko dardo jaurtitzaileak Holandan

jon-altuna 2010eko urriaren 18a

Urriaren 7tik 10era Holandan, Sevenum herrian, izan dira Punto de Encuentro tabernan jokatzen duten hainbat jaurtitzaile Europako 18. Dardo Txapelketan. Emaitzarik onena Judith Sieira eta Laura Gomez bikoteak eskuratu du Amateur mailako 501 txapelketan lehenengoak izan baitziren. Iaz munduko Chicagoko txapelketan parte hartu zuten Master mailako Juan Mari Caballero eta Imanol Romero, aldiz, 5. izan ziren eta ez dute oraingoz berriro munduko txapelketara joateko txartelik lortu. Abenduan Lloret de Mar-en izango dute beste aukera bat.

Lasarte-Oriatik 40 lagun inguru abiatu ziren urriaren 5ean Holandako Sevenum herrira Europako 18. Dardo Txapelketan parte hartzeko. Dardos Easok antolatzen duen Gipuzkoako txapelketako jaurtitzailerik onenek lortu zuten Holandara autobusez joateko txartela. Jokalari bakoitzak bere mailako txapelketan jokatzen du, Master-pro, Master, Amateur A edota Amateur B eta Gipuzkoan emaitza onenak lortu dituztenek jokatu zuten Europako txapelketa honetan.
Guztira Puntoko lau taldek izan zuten Holandara joateko aukera eta oro har emaitza onak lortu dituzte Europako txapelketa honetan, bertan izan ziren jokalarien maila altua kontutan izanik. Europako hainbat herrialdetako jokalariek parte hartu zuten, besteak beste, Polonia, Noruega, Eslovenia, Frantzia, Belgika eta Italiakoek. Hala ere, Lasarte-Oriatik joan zen 40 lagun inguruko taldea zen handiena.

Emakumeak txapeldun

Emaitzarik onena Amateur B mailan lortu zuen Judith Sieira eta Laura Gomez neskek osatutako bikoteak. Punto de Encuentroko bi jokalariak txapeldun izan ziren 501 izeneko modalitatean, baina maila honetakoek ez daukate Munduko txapelketara joaterik.
Amateur B maila honetan, Cricket modalitatean Carlos García eta David Trincado bikotea bigarren izan zen. Emaitza oso ona lortu zuten beraz Punto de Encuentro taldeko jokalari hauek.
Juan Mari Caballero eta Imanol Romero dira herriko jokalari onenetarikoak eta txapelketa oso ona egin dute, azkenean 5. izan baziren ere. Master mailan jokatu zuten. Pedro eta Miguel Castrorekin batera, maila honetako Españako txapeldunak dira taldeka eta iaz Chicagon izan ziren munduko txapelketan. Lauen argazkia jarrita daukate Punto de Encuentroko bi dianen erdian.
Aurreko asteko Europako txapelketan 5. postua lortu zuten eta ez dute iaz bezala Mundukoan lehiatzeko txartelik lortu. Dena den, abenduaren 4tik 7ra Gironan, Lloret de Mar herriko Guitart Monterrey Hotel eta Kasinoko aretoan egingo den Bullshooter Espainiako Txapelketan izango dute bigarren aukera.

Gipuzkoako Ligan

Punto de Encuentro-ko 15 taldek jokatzen dute Gipuzkoako ligaxkan eta astelehenetik ostegunera iluntzetan ia astero izaten dute partida ofizialen bat. Sarri, Ligako norgehiagokak jokatzen dituztenean, normala da tabernako dianatan 50 lagun inguru izatea. Larunbat gauetan, txapelketa azkarrak antolatzen dituzte, banaka edo bikoteka, eta saria izaten da irabazlearentzat.
Maila oneko jokalari asko dabil Punto tabernan. Bi denboraldi dira urtean zehar, batean Europako txapelketarako sailkatzen dira onenak eta bestean Estatuko txapelketarako. Tabernan diren bi dianak ia etenik gabe daude martxan beraz, lehiaketako partidarik ez denean ere norbait ari baita jokatzen.
Asteazken arratsaldean, Emilio Varela eta Josean Godoy ari ziren Fran tabernariarekin batera lagun arteko lehian. Lehenengo biak Holandan izan dira eta ederki ibili direla kontatu ziguten.
Eindhoven hiritik 45 kilometrora dagoen Sevenum herriko Kanping batean egon dira eta bertan jokatzen zituzten txapelketa ezberdinak. Asteartean 5ean abiatu ziren 40 lagunak Hipodromoko zubitik, 7tik 10era jokatu zen txapelketa eta 12an itzuli ziren. Bitartean turismoa egiteko aukera ere izan dute eta besteak beste Amsterdam-en izan ziren. Taldean, Lasarte-Oriako jokalariez gain baziren besteak beste Donostia, Errenteri eta Hernanikoak ere.
Puntoko Fran tabernaria bera da dardo lehiaketen bultzatzaile nagusi. "Nik zoritxarrez ez nuen joaterik izan. Ez nintzen "aukeratua" izan, soilik ondo jokatu eta sailkatu zirenek izan zuten joateko aukera".
Baina ona edo ez hain ona izan Punto-ko jokalariek garrantzia ematen diote egiten diren hartu emanei, "jokoak baino ingurukoak du balioa, egiten diren harremanak" esan digu Emilio Varelak. Fran tabernako nagusiak gehitu du dardo txapelketek jokalariei bidaiatzeko aukera ere eskaintzen diela "eta hemen ez da dopinaren aurkako kontrolik, edozer hartu dezakezu jokatu aurretik”. Punton umorea badutela ezin ukatu.