Rotterdamdik gertu, Riddererk herrian jokatu da 2011ko 17 urtez azpiko Emakumeen Europako Futbol Txapelketara sailkatzeko lehen fasea España, Holanda, Bielorrusia eta Georgiaren artean. Miriam Infante eta lagunak, lehenengoak sailkatu eta aurrera egin dute: 2011ko udaberrian jokatuko dute bigarren fasea sailkatu diren 16 taldeek launaka eta udan jokatuko dira finalerdi eta finala.
Zer moduz Herbeheretan? Torneoko txapeldunak izan zarete?
Oso pozik nago, esperientzia izugarria izan da, nire bizitzako hoberena; asko ikasi dut bai futbolari bezala, bai pertsonalki.
Non egon zarete, zein hiritan?
Riddererk hirian geunden, baina beste hiri batzuk ere bisitatu ditugu, esaterako Amsterdam eta Rotterdam. Futbolean jokatzeaz aparte, hiri hauek ere ezagutu ditugu. Beraz, bidaia, oro har, oso ondo egon da.
Hiru partidu ziren eta hiruak oso osorik jokatu zenituen...
Pozik egoteko modukoa, ezta?
Bai, 240 minutu jokatu ditut, 80 minutuko hiru partidu eta oso pozik nago. Hara joan nintzen aulkian egongo nintzela pentsatuz, baina azkenean hiruetan jokatu dut.
Lehenengoa, Georgiaren aurkakoa, erraza izan zen ezta?
Bai, erraza izan zen, 13-0 irabazi genuen.
Eta Bielorrusiaren aurkakoa?
Zailagoa izan zen. Estu ibili ginen, beste taldeko 11 jokalariak bere arean jokatzen zuten, beti defenditzen, eta lehen zatian ez genuen golik egin, baina bigarren zatian indartsuago atera ginen eta 2-0 irabazi genuen.
Zailena etxekoen aurkakoa,...
Azken partidua zaila izan zen, baina bagenekien Holanda oso talde indartsua dela eta partidu zaila izango zela. 70. minutura arte ez genuen gola egin.
Bi gol sartu zenituen lehen partiduan, zenbatgarrenak eta nolakoak izan ziren?
Hirugarrena eta bosgarrena. Lehenengo golean, eskumatik egindako erdiraketa hankarekin errematatu nuen, eta bigarrena nire jokaldi bat izan zen, ezkerretik, pase luze bat jaso, hiru defentsen artean aurrera egin eta eskumarekin sartu nuen gola. Bigarrena politagoa izan zen.
Gustura geratu al zara egindako jokoarekin?
Bai, hiru partiduetan egindakoarekin oso pozik eta gustura nago.
Estatistiketan, bosgarrena zaude atera jaurtiketa gehien egindakoen artean?
Bai, Europako txapelketa batean izateko kopuru handia da eta gainera jaurtiketa garrantzitsuak izan dira. Azken partiduan Holandaren aurka, gola sartzea zaila zen, handiak eta indartsuak zirelako, baina jaurtiketa asko egin genituen.
Ez duzue golik jaso, defentsan ondo, ezta?
Bai oso ondo jokatu dute eta presiotik oso ondo atera dira baloiarekin.
Ostadarren erdian jokatzen duzu, ezkerretik, selekzioarekin aurrelari?
Ez, han ere erdilari izan naiz. Fitxan aurrelari nintzela jartzen zuen, baina erdian ezkerretik jokatu dut.
Ezkerra izateak laguntzen al du? Jokalari gutxiago al daude postu horretarako?
Beti horixe galdetzen diot neure buruari. Agian bai, ezkerrean jende gutxiago dago,... ez dakit.
Espainia da Europako txapelduna iaztik, jokalari berriak al zarete ala asko daude txapeldun izan zen taldekoak?
16 urtez azpiko munduko txapelketa duela gutxi jokatu duten neskek, ez dute Europakoa jokatu: Ameriketan denbora asko egon diren jokalari hauen artean, gehienak adinaz pasatzen dira eta beste batzuk agian jokatuko dute geroago. Taldea berria zen beraz.
2011an berriro Europako txapelaren bila ?
Bai, orain torneoa irabazita 16ren barruan sartu gara, gero 2011ko udaberrian bigarren fasea jokatuko da, launaka, eta udan azken fasea, finalerdiak eta finala. Ea suertea dugun.
Partidu hauetan jokatzeko itxaropena izango duzu, ezta?
Bai, debutatu eta gero, lehen baino gehiago. Zelaian esperientzia gehiago ere badaukat.
15 urterekin gazteenetarikoa zara taldean, ezta?
Bai gehienak 16 urtekoak dira, beste bizpahiru eta nik ditugu 15 urte.
Zer moduz Angel Vilda entrenadorearekin?
Oso gustura, oso entrenadore ona da, partiduen aurrean motibatu egiten gintuen eta hori gero gure jolasteko eran ere nabaritu da.
15 egun etxetik kanpo, ez al zaizu luzeegi egin?
Hasieran pentsatzen nuen oso luze egingo zitzaidala, baina azkenean ondo pasatzen duzu, giroa ona da, partiduak irabazten dituzu eta animazio horrekin denbora ere azkarrago pasatzen da. Oso gustura egon naiz, bai lagunekin, bai futbolarekin eta baita entrenadorearekin ere.
Gurasoak ez dira Holandako torneo honetan zu ikusten egon, ezta?
Ez, ezin izan dute joan, baina internetetik jarraitu dute txapelketa. UEFAren orrialdean sartzen ziren, emaitza eta partiduko jokaldien berri izateko. Eta gero niri deitzen zidaten telefonoz.
Aurreko astean, Madrilen kontzentratu zineten,...
Bai, bost egun egon ginen, entrenamendu gogorrak egin genituen, fisikoak eta jokaldiak prestatzekoak.
Ba al dago beste euskaldunik selekzioan?
Lorena Valderas, Eibarko aurrelaria, eta Andrea De la Nava, Bilboko atezaina.
Pixkanaka lagun taldea osatu duzue alde guztietako jokalariek, ezta?
Bai, lagun onak egin ditut. Talde giro ona zegoen.
Irailaren 25ean joan aurretik 12-0 irabazi zenuten, zenbat gol sartu zenituen?
Bai, Ostadarrek 12-0 irabazi zuen Santo Tomas Lizeoaren aurka. Sei gol sartu nituen.
Ostadarren nesken talde nagusian jokatuko al duzu?
Hori ez dakit. Aurten kadetea naiz adinez eta gero jubenila.
Eta Errealarekin entrenatzen duzu, jokatzeko asmorik eta aukerarik ba al duzu?
Ez, oraingoz, Super Ligaxkako neskekin entrenatzen ari naiz, baina ez dut jokatuko oraindik. Esan didate gaztea naizela, entrenatzeko eta lasai hartzeko. Etorkizunean ikusiko da. Agian lagunarteko partiduren bat jokatuko dut.
Zer moduz DBH2n ikasketak?
15 egun galdu ditut, baina ondo noa: etxeko lanak gutxi gorabehera ondo daude eta azterketak egitea falta zait.