Kukukaren alde dantzan eta kantuan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 18a

Landaberri Dantza eta Antzerki eskola bezala sortutakoa, aurten Kukuka elkartea bilakatu da. Zortzi urteko ibilbidean, gero eta ikasle gehiago ditu eta mugimendu handia eragin du: aurten 650 ikasletik gora dira eta hauen ikasle kopuruak gora egin duen bezala, baita gastuek ere. Proiektu herrikoia den heinean, finantzaketan herri guztiak parte hartzea ezinbestekoa du. Diru laguntza apurrak eta ikastaroen kuotak ez dira nahikoa, eta beraz Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi berezia antolatu du Kukukak urriaren 30ean, Zubietan. Pailazoekin batera herriko elkarte eta talde ezberdinak dantzan jarriko dira.

Euskara, kultura, pertsonen garapen kulturala eta elkarlana bultzatzea du helburu Kukuka antzerki eta dantza eskolak. Ikasturteari hasiera emateko eta herriarekin partekatzeko hilaren 30ean Zubietan Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoen eskutik dirua lortzeko jaialdia antolatu dute.
Zortzi urte dira herriko antzerki eta dantza eskola eratu zenetik. Urtetik urtera parte hartzaileen kopurua gora egin du. Iaz 500 ikasle inguru izan zituzten, eta aurten matrikulazioetan errekorra lortu dute, 54 talde daude herrian eta ikasle kopurua 650koa da. “Gure helburua betetzen ari da: antzerkia eta dantza euskaraz eginez gozatzea” adierazi dute Kukukako zuzendaritzakoek.
Aurten, dantzari dagokionez, berrikuntza bat bada: dantza garaikidea eta sorkuntzako dantzarekin batera dantza tradizionala jorratzen dute eta “aurten gazte asko apuntatu dira” azaldu digute. Guztira 26 dantza talde dira eta horregatik, pozik agertu da zuzendaritza, “pozik gaude dantza munduan gero eta jende gehiago murgiltzen ari delako”.
Beraz, gero eta ikasle gehiago dira Kukukaren parte, eta zuzendaritzak ez daki “non egongo den muga”.

Iman efektua

Horretaz gain, herritar asko dira Antzerki eta Dantza astean ikusle gisa parte hartzen dutenak ere. “Iaz dantza ekitaldietan jendea lekurik gabe geratu zen, kanpoan, eta antzerki emanaldietan, berdin” esan dute.
Iman efektua aipatu dute Kukukako zuzendaritzako kideek, ikusle asko ikasle izatera pasa direla aurten. Taula gainean jendea gozatzen ikusteak animatzen ditu Kukukaren ustez: “ikusleak horretaz jabetzean konturatzen dira eurak ere hori egin dezaketela”. Edonoren esku dago dantza eta antzerkian aritzea “eta gainera oso osasungarria eta garrantzitsua da zure garapen pertsonalerako”.
Antzerkia eta dantza mundua ezagutzeko zer hobe barrutik egitea baino. Zu zeu zara protagonista “urte osoan zehar landutakoa jendearen aurrean erakusteak emaitza oso pozgarriak eragiten ditu eta hori erraz sumatzen da” azaltzen dute.

Zabaltzen

Landaberri ikastolan hasi ziren, aurreko urtean SasoetaZumaburu ikastetxera zabaldu ziren, eta aurten institutura “herriko ikastetxe guztietan dugu presentzia”. Gainera, euskaraz, “gure kulturaren parte inportantea den hizkuntzan”.
Urte hauetan egindako lanak bere fruituak eman ditu eta horren erakusgarri da herriko taldeak herritik kanpo euren ikuskizunak eskaintzen hasi direla.
Hiru urtetan Azpeitiko topaketetan parte hartu dute, Antzerkizale elkarteko aurkezpenean ere herriko taldeak parte hartu zuten Bilbon “eta hurrengo urtean, uztailean, Lekeition ospatuko den kale antzerki jaialdian Mikel Laboaren abestietan oinarritutako muntaia egiteko eskatu digute”.

Diruaren beharra

Gazte eta helduen kuotak, eskoletako guraso elkartearen laguntza, Foru Aldundiaren diru-laguntza “eta udaletxeak ematen dizkigun 1.000 euroak ditugu finantziazio iturri”. Aurten gainera, herriko udalak kulturetxea erabiltzearren kobratu egin du beraz “beste diru iturri batzuk behar ditugu aurrera ateratzeko”. Honela, hilaren 30eko jaialdia antolatu dute eta 2011ko egutegi berezia egin eta salduko dute.