18 Andaluziako kultura Semblante elkartean

jon-altuna 2010eko urriaren 18a

Bazkari herrikoi eta sari banaketarekin eman zitzaion atzo amaiera Semblante Andaluz elkartean astean zehar egin duten kultur asteri. Haurrentzako emanaldi, Andaluziako kanta eta dantzak, Mikel Etxarriren hitzaldia eta hainbat lehiaketa burutu dira besteak beste Lasarte-Oriako andaluziarren elkartean.

Semblante Andaluz elkartean atzo iluntzean banatu ziren astean zehar burutu diren lehiaketetako sariak, eta protagonistatako bat Antonio Ruben Rodriguez izan da asteartean Melio Martinekin batera musean lortutako txapelari, ostegunean tortila lehiaketako lehen postua gehitu baitzion. Lau emakumezko izan zituen aurrean, baina epai mahaikoek bere tortila aukeratu zuten.
Tutean, Pedro Grande eta Eliodoro Lorenzo izan ziren txapeldunak. Bestalde, ostegunean jokatu zen pote txapelketan Luis Castellon nagusitu zen, 20 jaurtiketetatik bostean sartu zuen txapa potean. Bigarren izan zen Emilio Barcenak baino bat gehiago. Emakumeen artean Toñi Centenok lortu zuen lehen saria, berak bakarrik lortu baitzuen txapa potean sartzea.
Ostegunean bertan Mikel Etxarri futbol entrenadoreak eman zuen hitzaldian kirol honek Lasarte-Orian izan duen bilakaerari errepasoa eman zion, Bardaji eta Iguaran anaien garaietatik hasita lehen mailetan izan diren jokalari, entrenadore eta arbitroen zerrenda eginaz besteak beste.
Oro har giro bikaina izan da, haurrentzako pailazoen, Semblante Rociero abesbatzaren eta Duende Flamenco dantza taldearen emanaldietan eta atzo igandean egin zen bazkari herrikoian.