Bartzelonara duela zazpi urte heldu zen, eta, korrikalaria zenez, Ordiziako lagun batek herri honetako lasterketara gonbidatu zuen. Txunditu egin zuen Euskal Herriak, zirrara berezia eragin zioten asteburu horretan hemen ikusitakoak eta kontatu zizkiotenak. Handik aurrera aukera zuenean Euskal Herrira hurbiltzen hasi zen.
Bartzelona eta Madril artean aritu zen film ezberdinetan lanean, eta, hemengo lasterketetara etortzen zen. Baina hori, berak aitortu digunez, aitzakia besterik ez zen. Berak Euskal Herrira etorri nahi zuen, hemengo lagunek kontatzen zizkioten aitzinako kontu eta istorioak ezagutzeko: "Lagunek modu informalean kontatu zizkidaten ipuin horiek oso interesgarriak iruditzen zitzaizkidan, eta horri Euskal Herriko irudi hain eder, berezi eta ikusgarriak gehituz gero,... hortik abiatu zen filma egiteko proiektua".
Zazpi urteko lana
Ia zazpi urte daramatza euskaldunekin hartuemanetan, Euskal Herriko historia eta ohiturak ikertzen eta ezagutzen, eta bestalde, han eta hemen, finantzaketa aztertzen, filma e giteko sosen bila, alegia.
Euskal ipuin eta kontakizunen bidez euskal kulturaren historia jasoko duen ordu eta erdiko dokumentala ari da prestatzen. Bere ustez, hemen, lehenaren eta orainaren artean kontraesan handia dago, batetik aitzinako ohiturak garbi gorde nahi dira, baina aldi berean mundu osoko kultura modernoak eragin handia du gaur egun.
Duela bi urte hasi zen Lobsenz Euskal Herriko hainbat paraje eta ohitura grabatzen; hasieran bera bakarrik, eta geroago ekipo txiki batekin, Marcus Lehmann kamerariaren eta soinu teknikari baten laguntzarekin, eta 2010eko abenduan bukatzeko asmoa du. Gaur egungo irudiak jaso ditu, euskaldunok nola bizi garen erakusten dutenak, baina horrekin iraun duten ohitura eta kultur espresio aberats eta kanpotarrarentzat harrigarriak kontatu nahi ditu.
Pilotariak grabatzen
Urrian Lasarte-Oriara etorri zen taldea Michelingo kanpoko frontoian Jon Presa, Aritz Solano, Eneko Sarasola eta Yagoba Mendizabal pilotari gaztetxoak grabatzeko, baina Michelin-en graffiti gehitxo zegoela iruditu zitzaion Lobsenz zuzendariari eta Usurbilgo pilotalekura joan ziren grabatzera.
Han ibili ziren lau pilotariak, batera eta bestera: aktore lana ere egin behar izan zuten, besteak beste, kalean elkartu eta frontoira joaten edota pilotak atera eta berotzen grabatu baitzituen. Gero, noski, lauen arteko partidua filmatu zuen eta Jesus Mari Presa, bonbero, aktore amateur eta pilotari ohiari ere egin zion elkarrizketatxoa. Usurbilgo plaza toki oso egokia zela, irudi ikusgarriak grabatu zituztela eta pozik zen Emily Lobsenz.
Jesus Mari Presa, 2007ko Bilboko Aste Nagusian ezagutu zuen Emilyk: pilotaz hitz egiten hastean, Presa pilotaria izan zela, etxean pilotak egiten dituela eta pilotari gaztetxoak entrenatzen ari zela jakin eta berarekin hartuemanetan jarri zen grabaketa batzuk egiteko. Duela bi urte, Jesus Mari Presaren etxean izan zen Lobsenz aita semeak pilotak nola egiten zituzten grabatzen eta Michelinen ere bai, herriko pilotari gaztetxoen entrenamenduan.
Interneten ikusgai
Jadanik 80 ordu grabatuta ditu Lobsenz-ek, eta irudi ikusgarrienen bilduma luze bi eta egindako froga labur batzuek interneten ikusi daitezke. vimeo.com/Daggewoodfilms-en barruan 12 bideo dauzka Emily Lobsensz-ek, tartean bi laburpen luzeak, 16 eta 13 minutukoak, promoziorako hiru minutuko trailer bi, baten azpitituluak gazteleraz eta bestearenak ingelesez, (hau Asier Arteaga lasarteoriatarraren irudi batzuekin hasten da) eta beste zenbait laburpen edo froga ere bai, besteak beste, ia lau minutuko bat itsasoaren eta sukaldaritzaren harremanari buruz, euskal arraunlari, arrantzale eta sukaldarien irudiekin; eta ia 3 minutuko "spirit of ipuina", herri kirolei buruzkoa, Michelingo frontoiko eta Presa aita semeen irudiak jasotzen dituena.
Jesus Mari Presa, eta bere seme Jon pilotak josten agertzen dira: aitak semeari pilotak nola egiten diren erakusten dion bitartean, berari pilotak egiten bere aitak erakutsi ziola kontatzen du.
Asier Arteaga herriko pilotari gazteak Michelinen egindako sake bat ageri da laburpen hauetako batzuen hasieran. Irudi hau berezia dela dio Emilyk. Izan ere, Estatu Batuetan grabaketa erakutsi zutenean denak txundituta gelditu zirela esan zigun: "Denek zioten eszena oso polita zela".
Proiektu zabalaren hasiera
Dokumentala amaitu eta gero zinemaldietan aurkeztuko du Emilyk gero zinematan ikusteko aukera izan dadin: "Proiektu zabal eta handiago baten hasiera besterik ez da izango hau. Jakin badakit grabatuta ditudan irudi guztiak ezingo direla dokumentalean sartu, 80 ordu inguru jasota ditut eta jada". Ez da dudarik lan handia duela hori guztia laburtzen.
2009ko abendutik New Yorken bizi da Lobsenz, baina aurretik hiru urtez Donostian bizi izan zen. Oraingoan lau asterako etorri da Euskal Herrira. Hamabost egunetan grabaketak egin ditu han eta hemen, Marcus Lehmann kameralariarekin batera.
Korrikalari eta musikaria
2002an Arte Eder eta Literatuta ikasketak amaitu zituen AEBtako Amherst eskolan, eta garai hartan idatzi eta zuzendu zituen bi filmek sariak jaso zituzten. Londongo Courtauld eskolan doktoratu zen 2003an eta ordutik Europako eta AEBko zine eta telebista independenteentzat lana egin du kamerari eta arte zuzendari moduan, film luze zein bideo klip-etan. Europan egon den urtetan, frantsesa, gaztelera eta euskara ikasi ditu Emilyk. Distantzia luzeko korrikalari, triatleta eta biolontxelojolea ere bada.
2006an sortu zuen Daggewood films Brooklyn-en, New Yorken, eta bere anaia txikia Daggewoods Produkzioak Donostian. Fikziozko pelikula eta dokumentalak ekoizten dituzte: azken lana, giza eskubideen gaia jorratzen duen eta Nikaraguan grabatu zuen dokumentala, kalean bizi diren haurrei buruzkoa eta orain "Ipuina Kontatu" (Telling Stories) The Basque Way-en buru belarri ari dira, batetik irudiak grabatzen eta bestetik finantzatzeko laguntzak bilatzen.
Internet bidez posible da pelikula egiteko diru laguntza ematea, dagfilm.com/ipuina helbidean.