Bada, ez, ez naute izendatu

pablo-barrio 2010eko urriaren 22a

Ministro. Ez naute ministro izendatu. Ministro pila izendatu, baina ni ez. Oraingoan ere, kale. Putza. Dio!!... Ezen, ni hor jarrita, ederki egingo nituzke nik egin beharrekoak... Bankuak nazionalizatzea, adibidez.
Txantxetan ari naiz, noski. Ni ministro? Beno, beno, beno... Gainera, kontua ez da ni edo zu edo hura ministro izatea. Politikak aldatu ezean, denbora galtze hutsa da politikarien aldaketetan arreta jartzea. Politikak interesatzen zaizkit, ez politikariak.
Akatsa pertsonalizazioan dago. Ez bakarrik politikan, gizarte kontuetan, oro har, ohikoa dena. Gizartea gizakiz osatuta dagoenez, gizarteko gertaerak giza gertaera hutsak balira bezala aztertzen dira, pertsonen artekoak balira bezala, ez gizarteko indar pilaketaren ondorio moduan. Nolabait, Kimika eta Fisika nahastea bezalakoa da: gauza guztien osaketan atomoak daudenez, Kimika dagoenez alegia, Fisikak planteatzen dituen galderei aurre egiteko Kimikaren kategoriak erabiltzea galbidearen hasiera baino ez da. Edozein gaztetxok ezagutzen ditu ondorioak: Fisikan penko, errieta etxean eta azterketa errepikatu behar. Bada, gizarte kontuetan gauza bera.
Noski, gizarte arazoen pertsonalizazioa ez da kasualitatea. Ezjakintasuna da boterearen arma inportanteenetako bat; beraz, gizartearen mekanismoak nola funtzionatzen duten jakin ezean, nola arraio sortu alternatiba eraginkorrik? Penko, beraz. Pentsioak murriztuko dizkigute lasai asko.