Asteazkenean, Getxoko Fadura Hobekuntza teknikoko Zentroan banatu ziren sariak.
Kirolarien izenean, Richar Oribe igerilariak, joko olinpikoetan behin baino gehiagotan parte hartu duen Maider Telleriak, 1960.an olinpiko izan zen Juan Carlos Migoyak eta Iker Fernandez neguko joko olinpikoetan aritu den eskiatzaileak jaso zuten saria Patxi Lopez lehendakariaren eskutik.
Lehendakariaz gain, hainbat politiko, Blanca Urgell kulturako sailburua edo gonbidatua izan zen Jaime Lissavetzky Kirol arloko Estatuko idazkaria egon ziren bertan.
Era honetara, 1900 urtetik hona udako eta neguko Joko Olinpikoetan, zein 60. hamarkadatik egiten diten Joko paralinpikoetan egon diren 252 kirolari izan dira sarituak. Horien artean, Jon Tecedor eta Maialen Chourraut lasarteoriatarrak daude, baita Amaia Andres LOKEko atletismoko entrenatzailea ere.
Tecedor eta Chourraut
Lasarteoriatarrei dagokionez, Jon Tecedor izan zen olinpiadatan parte hartu duen lehenengo herritarra. 2000ko Olinpiar Jokoetan egon zen Sidneyn eta 105 kilo baino gehiagoko finalean lehiatu zen. Handik bueltan lehen mailako lehiak utzi egin zituen. 2008ko ekainaren 14an moto istripu batean zendu zen, oraindik maila onean ari zenean.
Maialen Chourraut palistak, berriz, Pekineko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen 2008an, slalomeko proban. Ezin izan zuen emaitza onik lortu orduan. Horregatik, egun gogor ari da lanean, 2012an Londreseko joko olinpikoetarako sailkapena lortu eta bertan arantza ateratzeko.
Saria
Gauzak honela, lehen aldia da Eusko Jaurlaritzak ematen duen sari goren hau kirolari talde anitz bati ematen diona.
Orain artean, talde edo kirolari bakarra izendatzen zuen Eusko Jaurlaritzak sariduna izateko eta honetaz gain, kategoria ezberdinak zeuden sariaren barruan, kirolariak, entrenatzaileak, babesleak... Beraz, aurten guztiz aldatu dituzte irizpideak.