Euskal jantzi tradizionalen ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2010ko urr. 22a, 02:00

Euskal jantzi tradizional dotorea, nork ez luke horrelakorik nahi? Ttakun Kultur elkarteari esker berriro ere zure jantzia josteko aukera duzu . Aurreko urteko arrakasta ikusirik, azaroan berriro jantzi tradizionalak egiteko ikastaroa martxan jarriko da. Zortzi saio izango ditu kurtsoak. Hauetan neurriak hartu eta oihalak mozten ikasteaz gain, josteko makina erabiltzeko aukera eta Ione Artola irakaslearen gomendioak izango dituzu.

Herri honetan trebetasuna eta gustu asko duen ikasle potentzial ugari dagoela argi eta garbi geratu zen aurreko urteetan egindako jostungintza ikastaroetan. Euskal jantzi tradizional dotorea edo bainikaz apaindutako mantala edo soinekoak landu ziren. Eta hauetako asko ikusi ditugu Lasarte-Orian baserritarrez janzteko parada egon denean.
Zuk ere zurea egin nahi duzula? Santo Tomas egunean zuk zeuk egindako jantziarekin kalera irten nahi duzula? Ba ez galdu Ttakun kultur elkarteak azaroan eskaintzen dizun aukera.
Oraintxe duzu euskal jantzi tradizionala egiteko aukera, gainera, zuk zure erara sortzeko, eta zure esku propioekin lantzeko bide paregabea: jostungitza ikastaroa.

Ikastaro osatua

Ione Artola jostun irakaslearen laguntzari esker zure jantzi tradizionala egiteko aukera izango duzu. Neurriak hartu, oihalak moztu eta Ioneren argibideak jarraituz gonaren tolesak nola egin edo azkeneko puntuak nola eman ikasiko dituzu, besteak beste.
Gustuko lana egiteko, lagun berriak ezagutzeko eta gainera, hau guztia euskaraz egiteko aukera eskaintzen duen ikastaro honetan parte hartzeko aukera luzatu nahi dizute Ttakun kultur elkarteko arduradunek.
Azaroan zehar, zortzi saio izango dira, astean bi egunetan, astearte eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara, azaroaren azken asteartean 30ean, izan ezik.

Trabarik ez

Gogoak bai, baina josteko makinarik ez duzula? Lasai, aurreko ikastaroetan bezala Ttakun Kultur Elkarteak utziko dizu bat.
Erribera kalean dagoen lokalean emango da ikastaroa, lehen udal liburutegia zegoen lekuan eta bertan beharrezko azpiegitura guztiak aurkituko dituzu, gabonetan eramango duzun jantzia egin ahal izateko.

Izen ematea

Zure jantzi tradizionala egiteko irrikitan eta gogotsu baldin bazaude eta izena eman nahi baduzu, edo zalantzak argitu nahi badituzu deitu 943 37 14 48 telefono zenbakira.
Bertan, dituzun zalantza guztiak eta ikastaroaren nondik norakoak azalduko dizkizute.
Ikastaroen ordainketa, 25 euro, ez da izena emateko egunean egingo, behin hasitakoan baizik.

Gainera, Ttakuneko bazkidea bazara, %10eko beherapena izango duzu prezioan, 22 euro ordainduko duzu ikastaroa. Ez dago aitzakirik beraz.
Era berean, antolatzaileek gogora arazi nahi dute prezioan ez dela materialik sartzen, hau da, egin nahi den jantziaren ideia eta materiala, oihalak, orratzak, botoiak, etab, bakoitzak eraman behar dituela.

Harrotasunez

Santo Tomasetan zure jantzi berriarekin herrian zehar harrotasunez ibiltzeko aukera izango duzu, ez galdu eskaintzen dizute aukera hau.
Beti amestu duzun jantzi hori errealitate bihurtu daiteke, gainera zure eskuekin egindakoa izateko bidea eskaintzen zaizu. Ikastaro arrakastatsu honetan parte hartu eta jarri dotore.
Ione Artola irakaslearen eskutik zure desioak egi bihurtu itzazu.
Ez eduki zalantzarik eta sartu jostun mundu honetan. Ez zara damutuko, oraindik gutxiago emaitzak ikusi eta gero.