Kultur-asteburua Semblante Andaluz-en

jon-altuna 2010eko urriaren 22a

Astelehenean eman zion hasiera Semblante Andaluz elkarteak bere VIII. Aste Kulturalari Ohorezko ardoarekin. Lasarte-Orian bizi diren andaluziarrak bertako produktuak dastatu eta ardoa edateko aukera izan zuten udal ordezkariekin batera. Astean zehar hainbat ekitaldi burutu dira, hala nola, kartetako eta poto txapelketak, patata tortilla lehiaketa eta Mikel Etxarri futbol entrenatzailearen hitzaldia, besteak beste. Gaur, haurrentzako ekitaldiak izango dira, bihar kantaldia eta igandean bazkaria, ondoren Andaluziako dantzak eta sari banaketa, guztia, elkartean bertan.

Astelehean hasi zen VIII. Aste Kulturala Semblante Andaluz elkartean eta igande arratsaldera arte luzatuko da. Hasiera ona emateko, ohitura den bezala ohorezko ardoa hartu zuten, elkarteko bazkideek udaleko ordezkariekin eta gonbidatuekin batera. Ohorezko ardoaren dastatzean izan ziren besteak beste Jesus Zaballos eta Iñaki Mujika Lasarte-Oriako alkate eta alkateordea eta Antonio Pedraza elkarteko presidentea.
Bestalde, astean zehar beste hainbat ekitaldi burutu dira. Mus txapelketan, Antonio Ruben Rodriguez eta Amelio Martin izan ziren txapeldunak eta Pedro Grande-Eliodoro Lorenzo bikotea txapeldunorde. Hauek, Grande eta Lorenzo, txapeldunak izan ziren tutean, finalean Antonio González eta Leoncio Sánchez-i irabazita. Sariak igande iluntzean banatuko dirta. ...
Bestalde, atzo osteguna bazkide asko bildu ziren Semblante Andaluz elkartean. Barruan ziren patata tortilla lehiaketan parte hartu zutenak eta kanpoan potora jaurtiketan aritu zirenak. Bestalde, 19:30etatik aurrera hitzaldia eman zuen Mikel Etxarrik, Lasarte-Oriako entrenatzaile eta Radio Euskadiko kirol adituak, "Futbola Lasarte-Orian" gaiaren inguruan. Ondoren, patata tortillen lehiaketako irabazlea aukeratu zuen epai mahaiak eta bukatzeko patata tortilla eta beste dastatu zituzten bertan elkartu zirenek.
Gaur ostirala haurrak izango dira protagonista Semblante Andaluz elkartean. Batetik, marrazki lehiaketan parte hartzeko aukera dute elkartzen diren haurrek arratsaldeko 18:00etatik aurrera, pailazoen emanaldia izango da 18:30etan eta ondoren txokolatea eta txurroak banatuko dira.
Larunbatean arratsaldeko 18:30etan Semblante Rociero abesbatzak bere kantuak eskainiko ditu elkartean bertan burutuko den kantaldian.
Asteari amaiera emateko iganderako bazkari herrikoia prestatu dute elkartean. Bazkalostean, Andaluziako dantzak eskainiko ditu Duende flamenco taldeak arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta arratsaldeko 19:00etan astean zehar burutu diren txapelketen sari banaketa egingo dute. Bukatzeko urtero bezala, Rozioko salbea eta Andaluziako ereserkia abestuko dituzte.