“Udala egoera tamalgarrian dago”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 22a

Azken Udalbatzarrak, 2010eko aurrekontuak eztabaidatu zirenekoak eta honen ondorioak, alderdi ezberdinen erantzuna izan du. Asteazkenean, EAJ alderdiak aurrekontuen eta herriko egoera ekonomikoaren aurrean duen jarrera azaldu zuen.
Udala 2008ko aurrekontuen luzapenarekin lanean ari dela gogoratu zuen Estitxu Alkorta alderdiko bozeramaileak. "2009. urtean, PSEE Ezker Batuarekin zegoen Udal gobernuan, eta aurrekontuak onartzeko aukera osoa zuen" gaineratu zuen.

Balantzea

Gauzak honela, Gobernu taldearen kudeaketa tamalgarria hainbat datu eskainiz azaldu daitekeela uste du alderdiak.
Honela, 2008ko aurrekontuko %59,18a bakarrik aurrera eraman zen eta honetan 3,5 milioi euroko defizita izan zela aipatu zen.
"2009ko gastuen aurrekontu orokorreko %66,92 exekutatu zen. Aurrezki garbia, ordea, positibo izatetik negatibora pasa da eta zailtasun larriak ditugu joan den ekitaldian konprometitu ziren gastu batzuei aurre egiteko," jarraitu zuen.

Egoera

Herriko EAJren aburuz, "egoera tamalgarrian dago, beraz, Udala, aurrekontu gaurkoturik gabe ezinezkoa baita ondo funtzionatzea."
Alderdiko bozeramaileak, 2010eko aurrekontuen eskaera martxoan aurkeztu zutela gogoratu zuen, "alkate izendatu berriak, ordea, kalitatezko bozka erabiliz atzera bota zuen eta harrezkero larriagotu besterik ez da egin Udalaren egoera ekonomikoa."

2010eko aurrekontuak

Urte bukatzeko hiru hilabete faltan, 2010eko aurrekontua aurkezteak helburu bakarra zuela azpimarratu zuen EAJk, "Udal Batzarrak baimena ematea berak 3,9 milioi euroko kredituak eska ditzan."
"Berak presazkotzat jotzen dituen proiektu jakin batzuk egiteko, ez besterako," gaineratu zuten.
EAJk honen harira, Gobernu taldeak oposizioko alderdiei aurrekontuak ez onartzearen ondorioz, herrian egin behar diren proiektu batzuk geratzearen erantzukizuna egotzi diela ere gogoratu zuten.
Alderdi jeltzalearen ustez, Udala ez dago azpiegitura eta zerbitzu berrietan sartzeko moduan, izan ere, "datorren urtean nahiko arazo izango ditugu gaur ematen diren zerbitzuak eskaintzeko."
"Gu ez gaude herrian egingo diren proiektuen aurka. Ez gaude Gaztelekuaren edo Jaizkibel plazaren eraberritzearen aurka. Egun dagoen egoera ekonomikoa ikusita, orain egitearen aurka gaude. Lan edo proiektu horiek etorkizunean egin daitezkeela uste dugu," gaineratu zuten eta "hitzartuta dauden lanak egin behar dira," azpimarratu zuten.
Honela, aurrekontua aurrera atera balitz, Udala gehiago zorpetuko litzakeela adierazi zuen alderdi jeltzaleak, "urte amaierarako 11,6 milioi euroko zorretara iritsita."

Negoziaketak

PSEEk egin duen aurrekontuen negoziaketari ere heldu zioten EAJkoek.
"Eskuzabal jokatuz," alkateari negoziazioa martxan jartzeko aukera eman eta alkateak uko egin zuela jakin arazi zuten.
"Bakar-bakarrik udal ordezkari bat duten taldeekin, EB, LOHP, PP eta Hamaikabat alderdiekin hitz egin du, ea nork ematen zion aurrekontua aurrera ateratzeko behar zuen botoa. Eta argi eta garbi esan zuen gurekin eta ANVrekin ez zuela negoziaketarik egingo," azaldu zuten.
Udalbatzarrean gertatutako ikusita, alkateak negoziatzeko gaitasun urria erakutsi duela ere azpimarratu zuten, "ez du aldeko iritzi bakarra ere lortzerik izan udal batzarra osatzen dugun gainerako zinegotzien artean."
Era berean, Lasarte-Oriako Udala igarotzen ari den egoera ekonomikoari aurre egiteko orduan, Jesusu Zaballos alkatea "ez dela gai" eta "gaineratu zinegotzi taldeekin adostasun maila batzuetara iristeko" gaitasunik ez duela ere uste du alderdi jeltzaleak.

Etorkizunera begira

Honetaz gain, datozen urteetan Udala zer egoeran egongo den zehatz mehatz aztertu behar dela azpimarratu dute jeltzaleek, "leporaino zorpetu baino lehen."
Horregatik, EAJk gogorarazi nahi du gobernu talde 2011ko aurrekontu proiektua eta Udalaren aurrezki garbia handitu eta zorra txikitzeko Ekonomi eta Finantza Plangintza bat aurkeztera behartua dagoela urte amaiera baino lehen.
Alderdi jeltzalearen ustez hauek tresna garrantzitsuak dira egoera ekonomikoari aurre egiteko eta hurrengo batzarrean hauen eskaera egingo dio Gobernu taldeari.