XIX. mendeko Leitzaranera bidaia

itxaso-moreno 2010eko urriaren 24a

Ikasturtea hasi da Oinatz taldekoentzat ere. Hasiera ederra izango dute, Leitzarango bailaran aurkitzen diren meatze inguruak ezagutuko baitituzte Burdina taldearen eskutik. Ondare historiko, kultural eta monumentala berreskuratzeko eta mantentzeko helburuarekin sortu zen Andoaingo talde hau. Lan handia egin dute 2002. urtean jaio zenetik eta eurei esker altxor ugari berriro landaretzatik azalerazi dituzte.

Burdina Taldearen eskutik emango dio ikasturteari hasiera Oinatz taldeak. Lehenengo bidai honetan, oso hurbil eta oso ezezaguna dugun bailara izango dute ikusgai eta aztergai. Leitzaranera joko dute, ondare historiko garrantzitsua duen paraje polit honetara.
Burdina Taldea 2002. urtean sortu zen Leitzarango bailara berreskuratzeko behar bat zegoela ikusirik.
Borondatez lan egiten duten lagun talde bat da, musutruk ondare historiko, kulturala eta monumentala berreskuratze eta mantentze-lanetan aritzeko helburuarekin sortua.
Taldean dihardu Jaione Iriondo lasarteoriatarrak. 2001eko urritik 2002 martxora arte Leitzarango ondare historikoaren azterketa bat egin zuen Andoaingo udaletxean: “momentu horretan konturatu nintzen Leitzaranen behar bat zegoela ondare historikoa berreskuratzeko” azaldu digu Iriondok.
Leitzarango bailaran aurkitu daitezkeen meatze eremu ezberdinetako eremu fisikoak berreskuratzen hasi ziren. Eta ondoren ekin zioten Andoaingo Karobiak berreskuratzeari. Besteak beste, Leitzaranen, Andoainen, Billabonan, edota Elduaienen... lan handia egiten ari den taldea da.
Burdina Taldeko kideak boluntarioak dira, eta diru laguntzen bidez finantziatzen dituzte lanak. Buruan duten proiektua udaletxe eta diputazioari aurkeztu “eta diru laguntzen bidez jartzen da dena martxan, baina guk ez dugu zentimorik jasotzen” azaldu digu Jaionek.
Berritze edota mantenu lanak euren aisia denboran egiten dute “bakoitzak bere lanbidea du eta horretaz bizi da” gaineratzen du. Arkitektoak, topografoak, igogailu konpontzaileak, irakasleak... lan ezberdinetakoak, baina guztiak helburu berdinarekin “gure bazterrak azaleraztea”.
Aurten, Andoianen lehendik garbitutako karobi batzuen mantenu lanak egin dituzte, Billabonan, beste karobi bat garbitu dute eta inguruko lurrak kendu... proiektu ugari ditu taldeak: Lehentasunen arabera erabakitzen dute nondik hasi “guk bailara ezagutzen dugu eta ondarea aztertu ondoren, lehentasuna duten eremuak ezarten ditugu” dio Jaionek.
Lagun talde honen lanari esker, landaretza jaten ari zen monumentu asko azaleratu dira: “ondare asko erortzen ari ziren eta guK, hori gertatu baino lehen, berreskuratu nahi ditugu. Batzuetan diputazioko teknikariak ere guregana etortzen dira eremuren batean gure beharra baldin badute, jakinaraztera” gaineratu du.

Giro ona nagusi

Giro edera dago 75-85 pertsonez osotatutako taldean “hamaiketako ederrak, bazkariak, festak.. egiten ditugu”.
Talde irekia da Burdina eta edozein apuntatu daiteke “ondarea berreskuratzea eta mantentzea gustatu behar zaizu, hala nola borondatezko lanak egitea, eta forma fisikoan egotea” esan digu Jaionek. Norbaitek interesarik badu 678 41 02 84 telefono zenbakira deitzea baino ez du, eta taldeko kiden den Txankarengatik galdetu.

Lan garrantzitsuena

Bizkotxeko meatze eremuan egin dute lanik garrantzitsuena. Hor sortu zen Plazaolako trena, “Lasarte-Oriatik pasako zena” eta hau izango da Oinatz taldearekin bisitatuko duten eremua “Leitzako bihotza, gune garrantzitsuena”. Gune honetan meategiak daude, minerala erretzeko labea, minerala kargatzeko tokia eta garraiatzeko trena “XIX. mendeko lan egiteko era ezagutuko dugu” dio Jaionek. Historia handiko bailara dugu Leitzaran “baina zoritxarrez oso ezezaguna, bertako gauza gutxi ezagutzen dira”.

Irteera interesgarria

Ikasturteari hasiera emateko irteera interesgarria proposatzen die Oinatz taldeak lasarteoriatar guztiei “hemen ondoan dago, nik ikerketa lanak egin arte ez nuen ezagutzen, merezi du bailara horrek kontatzeko duen guztia ezagutzea” dio Jaionek.
Aukera paregabea da Burdina Taldekoen lana ezagutzeko. Gainera, taldeko kide batek gidatuko du irteera “parajeak hor daude, baina ez badakizu non, zailak dira aurkitzeko, seinaleak orai ndik jartzeko daude eta”. Irteera nahi duenarentzat irekia da.