Gaur egungo gaiak aztergai Osasun Jardunaldietan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 25a

Lasarte-Oriako Udalak osasun arloan, hezkuntza eta informazioa eskaini nahi die herritarrei. Horregatik, XVIII. Osasun Jardunaldiak antolatu ditu gaurtik ostegunera, arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona Kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Marisa Zubiri, Osasun arloko batzordeburuaren ondo ezagatik, Lasarte-Oriako alkateak, Jesus Zaballosek egin zuen ostiralean jardunaldien aurkezpena.
“Aurten, egungo gizartean sortu diren patologia berriak jorratu nahi izan ditugu,” azaldu zuen alkateak.

Gaur egungo gaiak

Gauzak honela, gaur, teknologia berrien eta sareen adikzioari buruz arituko da Enrique Echeburua Psikologia klinikoko katedraduna.
“Gazteengan eragin handia dute gaur egun teknologia berriek. Ez dira etxetik ateratzen eta, ondorioz, ez dira gizarteratzen,“ adierazi zuen alkateak. Horregatik, gurasoei hitzaldira joatea gomendatzen die, “teknologien erabilera adikzio noiz den eta hori nola ekidin jakin dezaten.”
Alzheimerra izango da gai nagusia asteartean, Gurutz Linazasoro Neurologoak eta Pablo Martinez Lage Ikertzailearen eskutik. “Alzheimerra duten gaixoei kosta egiten zaie hau dutela onartzea. Gaixoak gero eta gehiago dira eta gazteagoak,” aipatu zuen Zaballosek. Horregatik, “gaixotasun hau gizarteratu eta desmitifikatzeko ahaleginak egin behar dira,” azpimarratu zuen.
Honetaz gain, “urtarrilean tabakoaren lege berria sartzen da eta Euskadin zorrotzagoa izango da, horregatik Javier Laparra neumologoa gonbidatu dugu, asteazkenean eta Tabakoarenganako adikzioa gainditzeko hainbat jarrabide eskainiko dizkie herritarrei,” azaldu zuen.
Jardunaldiei amaiera emateko, Luis Balenciaga ATCORE Euskadiko bihotz eta biriketako transplantatuen elkarteko bokala, Garikoitz Lasa Kardiologiako espezialista eta Miren Telleria hemodinamikako medikuak transplanteei buruz hitz egingo dute.
“Euskadi transplante gehien egiten duen erkidegoa da. Jendeak horri buruz gehiago jakin eta organoen emaria sustatzeko hitzaldi hau eskainiko dute,” aipatu zuen.
“Aurreko edizioetan, herritarren harrera ona izaten da eta aurten ere horrela izatea espero dugu,” amaitu prentsaurrekoa zuen alkateak.