“Mexiko DF anarkikoa da”

jon-altuna 2010eko urriaren 25a

Azaroan zehar, urtero bezala, Jalgin munduko hainbat tokitako diaporamak ikusteko aukera izango da. Irati Bergara herritarrak hasiko du sorta, azaroaren 3an Mexiko DFko argazki eta azalpenekin. Fisioterapeuta da lasarteoriatarra, gerora antropologia ikasi du eta Mexikoko hiriburuan egon da aurten gradu ondoko bat egiten. Mexiko hegoaldera, Guatemalara eta Kubara joateko ere baliatu du bidaia. Azaroaren 9an Naike Zumetak Bulgaria ekarriko du Jalgira, azaroaren 17an Mikel Zinkunegik eta Jose Luis Garcíak, Costa Rica eta Nikaraguako Atlantikoko kosta, 24an Oinatz taldeak urteko irteeren irudiak emango ditu eta abenduaren 1ean Igor Unanue eta Mikel Urdanpilletak Georgia erakutsiko dute.

Bidaiatzea gustuko du Irati Bergarak. Duela hiru urte hiru hilabetez Venezuelan izan zen kooperatzaile, adimen urritasuna duten pertsonekin borondatez lanean eta ordutik dabil Venezuelan adimen urritasuna eta urritasun fisikoa dutenekin lanean diharduen Aprendeh Euskadi Laguntza Elkartean. Hain juxtu, pertsona hauen egoera ezagutarazteko Jalgi kafe-antzokian argazki erakusketa jarri dute urrian zehar.
Eta Jalgin azaroan eskainiko diren munduko toki ezberdinetako argazkien diaporama emanaldiak, Irati Bergara berak hasiko ditu. Urtarriletik abuztura bitartean Mexiko DFn izan da, aurten, 26 urteko lasarteoriatarra. Fisioterapia ikasi zuen aurrena, baina gero antropologia eta ikasketak amaitzera joan zen hiriburu honetara eta bertako Unibertsitate Autonomoan, UNAMen, egin zuen antropologian gradu ondokoa, antropologia fakultatean.

Beraz ikastera joan eta baliatu zenuen bidaia, Mexiko apur bat ezagutzeko?
Diaporametan normalean bidaiak, mendiak, paisajeak eta horrelakoak erakusten dira eta nik, hori ere ikusi dut, baina pentsatu dut hango bizitza hobeto azaltzeko, hiria aukeratzea, hobeto ezagutzen dut eta. Oaxaka, Chiapas edota Guatemala erakutsi ditzaket, baina Mexiko DF Hiria erakutsiko dut askorako ematen du eta.

Zer dauka hiriak, ba?
Kontraste pila bat. Kontuan izanda Mexikon 31 estatu daudela, gehi Mexiko DF, eta denek konstituzioa errespetatu behar badute ere, independenteak direla, estatu bakoitzean gauza ezberdinak aurkitu ditzakezu, baina DFn guztien nahastea, migrazioa jasotzen duen gune garrantzitsua delako. Anarkikoa da eta hori asko interesatzen zait.
Batez ere nabarmenduko ditut kalean jateko dagoen kultura, erlijioa, edozein bazterretan daude ama birjinak,...

Argazki asko atera al zenituen?
Dezente.

Beraz, hiriko bizitza kontatuko duzu?
Egon dira langileen grebak ere. Luz y Fuerza argi indar enpresa handia pribatizatu egin zuen iaz Calderon presidenteak eta langileak greban egon dira hiri ezberdinetan. DFn, ikuskizun handiak muntatu zituzten. Ezezaguna zen borroka izan du hiriak, Estatu guztietatik ezkertiarrena eta aurrerakoiena izan dela esan dute. Eta Unibertsitatekoa ere kontatuko dut. Hau da gehiena bizi izan dudana.
Bidaia kontatzea erabakiko banu, Chiapas-era egindakoa azalduko nuke. Indigenen komunitate batean egon ginen goiz batean, baina gehienbat San Cristobal De Las Casas-en, gero Palenkera joan nintzen Maien kultura ezagutzera eta handik Guatemalara eta Kubara.

Zer moduzko herrialdea iruditu zaizu Mexiko?
Zaila da horrelako herrialde handia definitzeko. Alde batetik, iruditzen zait Estatu Batzuen merkatua dela. Hango jendeak esaten du, Merkatu Libreko akordioa sinatu zutenetik gauzak okerrera joan direla eta hirian behintzat anarkia gehiago nabaritzen dela.
Denetik daukazu, desertua, mendi eta kosta zoragarriak, hondartzak, eta hiri erraldoiak. Pasada bat da. Mexikarrei dagokionez, nire klase kideekin oso ondo eraman naiz, baina badira azkarrak, biziak eta apur bat zerriak ere. Lehen tratuetan beraz kontuz ibili behar da, baina konfidantza lortutakoan ondo.

Segurua al da Mexiko?
Nik ez dut inolako arazorik izan, baina klasean galdetu eta gutxi gorabehera seitik lauri noizbait lapurtu zioten. Niri ez zait ezertxo ere pasa. Argazkigintzako proiektu bat egin nuen, Fotografía Social eta galdetzen zidaten kamerarekin ibili eta nolatan ez zitzaidan ezer gertatu. Lau hilabetean ibili nintzen argazkiak ateratzen eta esaten zuten "hori da denbora gutxi daramakizulako".

Zenbat biztanle ditu DFk?
Hiriburuan zortzi milioi bizi dira, baina Mexiko eta Morelos estatuetatik gehienak bertara doaz lanera, eta beraz, 25 milioi dira guztira. Asteburutan "hutsa" gelditzen da, zortzi milioi bakarrik. 25etik 8ra jaisten da.

Kaotiko xamarra izango da?
Oso. Soldatak baxuak dira eta kalean janaria salduta lan normal batean baino askoz gehiago irabazten dutenez, orduan janari postu pila daude, edozein izkinatan, metrotik atera eta zentro komertzial bat ematen du. Nik anarkiko gisa definituko nuke. Baina badauka bere xarma. Kontraste handiak dira.Garibaldi plazan mariatxiak dituzu eta beste plaza batean elektro musikarik modernoena, Londresen zaudela dirudi, ... ikusgarria da.

Nolako esperientzia izan da?
Asko gustatu zait.

Ikasketak arazorik gabe bukatu al dituzu?
Bai, maila onarekin.

Antropologia ikastera eta hain juxtu Mexikora, egokia, ezta?
Egia esan, bai. Gehiago ikasi dut gaur egungo indigenengandik. lehengo Maia eta Azteka zibilizazioez baino. Oraingo indigenen egoera askoz gehiago.

Euskaldunik topatu al duzu?
Ez, hemendik joan ginenak. Eta neska mexikar bat aurkitu nuen euskaraz ikasten ari zena.

Asko gustatzen zaizu bidaiatzea, ezta?
Izugarri.

Leku askotan egon al zara?
Amerikan esan bezala, Venezuela, Mexiko, Guatemala eta Kuban egon naiz, bestalde, India ezagutzeko aukera ere izan dut eta Europako leku ezberdinak ere bai.
Mexikoko unibertsitatean klaseak ekainean amaitu eta bi hilabete eta erdian ibili naiz porrai, Mexiko, Guatemala eta Kubako hainbat tokitan: Mexiko DF hiriburuan, Oaxakan, Chiapasen, Guatemalan, eta berriz Mexikon, Yukatan-eko kostan. Eta Kuban, Habana hiriburuan 8-10 egunez, Santiagon, Trinidaden eta Santa Claran,... tipikoak.

Eta guztien artean Mexiko hiriburua aukeratu duzu?
Bai, Guatemala aukeratu banu, gainetik azalduko nuke, paisaia zoragarria dela, esplotatu gabe dagoen toki harrigarri bat eta jendea ere zoragarria dela, baina askoz gehiago ezingo nuke esan. 12 egunetan soilik izan nintzen Guatemalan. Mexiko hobeto ezagutu nuen.