Chi-kungak gorputzaren energia zuzentzen ikasten du. Arnasketa, kontzientzia eta mugimendu ariketen bidez osasuna hobetu, gaixotasunak saihestu eta bizitasuna handitu dezake pertsona batek.
Chi-kung ezberdinak
Chi-Kung mota ezberdinak daudela azaldu digute, “bizitza luzatzeko Chi-kunga dago. Horretaz gain, borroka Chi-kunga dago, Shaolin monjeek egiten dutena eta hemen gehien ikusi dena. Eta Chi-kung bat meditazioan dago oinarritu eta monjeek egiten dute”
Dasa zentroan osasunari zuzendua dagoen Chi-kunga eskainiko dute, “nahasketa bat da, gaixotasunik ez izatea, bizitza luzatzea eta bizitasuna izatea bilatzen du.”
Energi mugitzeko ariketak
“Esate baterako, Tai-chia Chi-kungetik dator eta ez da yoga bezain estatikoa. Meridiano energetikoak lantzen ditugu eta horiek gorputzeko organoetatik igarotzen dira,” azaldu digute.
“Energia gorputzaren leku batean geratzea edo energiarik ez izatea ez da ona. Energia mugimenduan egon behar du, bestela gaixotasunak sortzen dira,” gaineratu dute.
Saio bat
Chi-Kung edozein pertsonak eta edozein adinekoak egin dezakeela azpimarratu dute, “zutik egiten da eta ez dago postura arrarorik.” Gainera, ez da ezaguerarik izan behar.
Ordu beteko saioak egiten dira eta hiru zatitan daude banatuak.
“Lehenik gorputza esnatu behar da, nagiak kendu behar ditugu eta gorputzaz kontziente izan behar gara. Horretarako, etzanda ariketa batzuk egiten dira,” adierazi dute.
Ondoren, zutik egiten diren ariketak daude, dinamikoak dira eta gorputzaren zati ezberdinak lantzen dira musikaren laguntzaz. “Estetikoki Tai-chiaren antza du, baina batzuetan tentsioa, garrasiak etab. lantzen dira. Ez da guztia lasai egotea,” aipatu dute.
Baina, batetik ariketa espezifikoak daude, “hauetan organoetako energia lantzen da, baita emozioak ere. Gibela, esate baterako, haserrearekin dago lotua eta gibelaren energia eta haserrerena orekatzeko ariketak daude.”
Eta bestetik, ariketa multzoak daude, hala nola, Lohanen 18 eskuak. “Hori ikasteko, urte bete behar duzu,” azaldu digute.
Azkenik, lasaitzeko ariketak daude, etzanda, “gure gorputza lasaitu behar dugu, saioan zehar energiak batetik bestera mugitu ditugu eta."
Onurak
Osasuna eta gorputzarentzat onuragarria dela aipatu digute, “hilabete batzuetan gorputza nola garbitzen den nabari da. Egunero 20 minutu egiten badituzu, epe motzean gorputza hobeto dagoela nabari duzu. Fisikoa gehiago nabari da, gorputzaren egoera fisiologiko eta biokimikoa hobetzen baitu, garrantzizko organoak sendatuz. Beste onurak, energetiko edo emozionalak luzera nabari dira.”
Chi-kungen oreka osoa bilatzen da, bere helburua gorputzaren alde fisikoa, emozionala eta energetikoa orekatuak egotea da funtsa. “Chi-kunga egiten duen pertsona batek ahula eta lasai dirudi baina indarra ere badu. Orekatua dago eta zaila da esate baterako bultzada eman eta mugitzea,” azaltzen dute.
“Lurrera ongi errotua dago Chi-kung egiten duen pertsonak. Izan ere, lurraren eta unibertsoaren arteko lotura lantzen dugu. Energi horretaz baliatzen gara eta gureganatzen dugu. Gu gara bien arteko lotura,” aipatu dute.
Dasa zentroa
Gipuzkoan Chi-kung egiteko aukera gutxi zegoela eta, Cristina Calmaestra eta Montse Pablok Dasa zentroa irekitzea erabaki zuten. “Gu batetik bestera ibili gara gure ikasketak burutzeko eta inguruan, Irunen dago egiteko aukera bakarra,” adierazi digute.
Zentro irekia eta dinamikoa izatea nahi dutela azpimarratu dute, “Donostian Zen meditazioa egiten duen norbait badago eta Lasarten saioren bat eman nahi duela, guk lokala utziko diogu. Jendeak etorri eta teknika ezberdinak ikustea nahi dugu.”
Horregatik, Chi-kungez gain, yoga eta energiarekin zerikusia duten teknikak eskainiko dira eta emozioak lantzeko terapeuta bat ere egongo dela aipatu dute.
Ate irekiak
Ikastaroekin azaroan hasteko asmoa badute ere, aste honetan ate irekiak egingo dituzte euskaltegi zaharraren azpian dagoen Dasa zentroan.
Chi-kung saioak egingo dituzte gaur, 19:00etatik 20:00etara eta astearte eta ostegunean 19:30etatik 20:30etara eta asteazkenean, yoga 19:30etatik 21:00etara.
Lokola txikia denez, eskaera bat egiten dute zentroko arduradunek, ate ireki hauetara hurbildu nahi duenak 608 847 847 edo 654 028 868 zenbakira deitu dezala.