“Nire bizitza kirola izan da”

Nerea Eizagirre 2010eko urriaren 28a

Hainbat alditan egin du herriko krosa, Behobia-Donostia lasterketa hamaika aldiz, lau maratoitan parte hartu du, baita Donostiako nazioarteko krosean ere. Beterano mailan Espainiako, Europako eta Munduko txapelketetan egon da, 800 metro, 1500 metro eta martxako probetan, eta hainbat titulu, errekor eta domina eskuratu ditu. Horregatik, besteak beste, Santos Uribe herritarrak Lasarte-Oria Bai! krosean 1 dortsala eramango du igandean. Santosekin egon gara bere kirol bizitzari buruz gehiago jakiteko.

Noiz hasi zinen lehiatzen?
Lehenengo lasterketa federatua 17 urterekin egin nuen. Hipodromoan Nazioarteko krosean Espainiako taldekako txapelketa izan zen.
Ni orduan, Hernaniko taldean nintzen eta taldea sortzeko jendea behar zuten.
Gainera, garai hartan, bi kategoria zeuden eta gu bigarrenekoak ginen arrren, lehengoan ibiltzen ginen talde gutxi zegoelako.
Baina, aurretik ere atletismoan ibiltzen nintzen, herriko festetako lasterketa, etab. egiten nituen.

Argazkiak ikusita, asko aldatu da ibilbidea...
Bai, dezente. Orduan, oso gogorra zen Hipodromoko krosa.
Bugatitik sartu eta gora egiten zen sagastira. Gero behera berriro eta errekan salto egin behar zen.
Gaurko lasterketa gurearekin alderatuta, pista bat da.

Noren aurka lehiatu zinen?
Ez naiz askotaz gogoratzen, baina espainiarrak Amoros edo Jose Molins eta hemengoak Irizar, Larraza, Hernandez... Hemengo korrikalari pila zebilen krosean eta maila ere oso ona zen.
Gaur egun Zumeatarra taldean zabiltza, baina herriko taldean Michelinen ere ibili zinen, ezta?
Bai, horrela da. Beteranoetan nire lehenengo taldea Michelin izan zen.
Horrekin lotuta, Landaberriko gaztetxoen atletismoko begirale izan nintzen.
Beterano taldea desagertu zenean, Andoaingo Zumeatarrako Bixente Huizi eta Joxe Mari Garin ezagutzen nituenez, bertara joatea erabaki nuen.

Zenbatetan egon zara Espainiako txapelketan?
76 urte ditut eta 40 urtetatik gora, beterano mailan nabil. Espainiako hainbat txapelketetan egon naiz eta Espainia osoa ezagutzen dut, punta batetik hasi eta bestera arte.
Gazteago nintzela, iraupen-lasterketetan, 800 eta 1.500 metrotako probetan parte hartzen nuen. Proba gogorrak ziren.
Gaur egun, martxan. Izan ere, belaunak mindu eta, duela hamar bat urte, martxa egiten hasi nintzen.

Aldaketa handia, beraz?
Martxa ere oso gogorra da. Gibel ondoan mina izaten duzu aldakarekin egin behar den mugimenduarengatik,
besoak korrika egiten bezala eraman behar dituzu eta tente joan. Asko nekatzen zara.

Zenbat proba egiten dituzu orain urtean?
Bost proba egiten ditugu, Gipuzkoako txapelketa, Euskadikoan pista eta errepidea eta Espainiakoan ere bi proba horiek egiten ditut.

Eta Europa edo Munduko txapelketerara joaten al zara?
Oso urruti ez bada, joaten gara. Beterano mailan ez dago hainbesteko laguntzarik eta taldeak eta kirolariek jarri behar dugu dirua. Oso garesti ateratzen da.
Foru Aldundiak txapelketako diru kopuru bat ematen du eta kopuru hori joan direnen artean banatu behar da, azkenean 40 euro izan daitezke.

Nola prestatzen dituzu lasterketak?
Lau edo bost egun entrenatzen dut, astean zehar.
Egun batean ibiltzera noa. Mendira joan eta bi edo hiru ordu egiten ditut, gora eta behera. Gero pistan, teknikarekin hasten zara. Izan ere, mendian ezin da martxa egin.
Hala ere, leku aproposak aurkitzen dira, Santa Barbara aldean, esate baterako, asko ibiltzen naiz eta neurtua dut.

Espainiako txapelketez gain, aipatzeko beste probarik?
Gaztea nintzenean, lau alditan parte hartu nuen Nazioarteko krosean.
Behobia-Donosti lasterketa hamaika aldiz egin dut, lau
maratoitan parte hartu dut, beteranoetatako Donostiako eta Clermond Ferrandeko Munduko txapelketetan egon naiz eta Bordelen Europako txapelketan...

Eta proba berezirik?
Clermond Ferranden oso marka ona egin nuen eta bosgarren izan nintzen mundialean.
Donostian ere oso ongi ibili nintzen, 5 km-tako proban laugarren eta 20 km-tan bosgarren. Lastima ez nuela domina lortu oso gutxigatik.
Baina lasterketa bereziena, maratoi bat izan zen. Herrerako kirol taldeak antolatzen zuen, behin atera nintzen bertan, beste hiru maratoiak Donostian izan dira.
Maratoi hori Oiartzunen Mamuten hasten zen eta Herreraraino zen. Oso gogorra zen eta ibilbideak gora eta behera egiten zuen.
77 korrikalarik bukatu genuen eta ni 33. izan nintzen sailkapen orokorrean. Baina beteranoetako lehenengoa eta trofeoa eta diploma eman zidaten.

Trofeoak aipatu dituzunez, domina gogokorik izango duzu...
Logroñoko Espainiako txapelketako biak.
Orduan, pistako 800 eta 1500 metrotako probak egin nituen. Proba horietan lehiakide berdinak ginen.
1500 metrotako lasterketan, esprintean hiru gindoazen eta azkenean, hirugarren izan eta brontzezko domina lortu nuen.
Hurrengo egunean, 800 metroko proba genuen. Hobeto ibiltzen nintzen proba honetan.
Aurrean beste biak jarri ziren eta ni atzetik nindoan. 100 metro falta zirenean, indarrez ekin eta justu-justu lehena iritsi nintzen.
Orduan, taldeko lagunak etorri eta besarkadak eman zizkidaten. Oso polita izan zen.

Atletismoaz gain, beste kirolik egin al duzu?
Futbolean ibilia naiz Añorgan, ekipo ona genuen.
Horretaz gain, Bianchiko langileen eskubaloi taldean ere jokatu nuen.
Kirola besterik ez dut egin, parranda bat ez dut inoiz egin eta. Nire bizitza kirola izan da.

Krosa, 800 eta 1.500 metroko proba edo martxa, zer nahiago duzu?
800 eta 1.500 metroko probak, dudarik gabe. Belaunarengatik izango ez balitz, proba horietan jarraituko nuke.
Baina Arrazola medikuak argi esan zidan korrika egin nezakeela, baina oso mantso.
Eta aipatutako bi proba horiek oso gogorrak dira, abiadura eta iraupena neurtzen da.
Gainera, lasterketa asko egin behar dituzu.
Ikusteko proba oso politak dira.

Gaur egunera bueltatuz, igandeko Lasarte-Oria Bai! krosean 1 dortsala eramango duzu?
Bai. Poz handia dut horregatik. Gainera, nire lagun mina den Eulogio de la Sernak eman zidan dortsala krosaren aurkezpenean.
Proba batzuk elkarrekin egin ditugu, Zabaletan, esate baterako eta primeran ibiltzen gara biak.
Baina zoritxarrez, bera ezin da aurten lasterketan atera.

Nola ikusten duzu zure burua igandera begira?
Korrika, hau da egiten dudan proba bakarra eta oso mantso aterako naiz.
Gainera, egia esan, ez dut oso ongi prestatu eta adina ere nabari da.
Asteburuan proba egin nuen. Kotxeraserik hasi eta ibilbide guztia egin nuen. Nire erritmora, mantso.
Gero etxera igo behar nintzen oinez eta aldapa bukaera kostata igo nuen.
Ez dut sentsazio onik. Nekatu egiten naiz korrika egiterakoan. Nire pausora noa, baina 5 edo 6. kilometroan hankak pisutsu nabari ditut.

Noiz arte ibiliko zara lasterketatetan?
Emazteak lehiaketa uzteko eskatzen dit. Mendian lasai ibili naitekeela eta nire erritmora.
Baina lehengoan, lagun batek Donostian, 2013an, beterano mailako Europako indoor txapelketa egingo dutela esan zidan.
Bi urte gehiago izango lirateke. Baina orduan 78 izango ditut eta nire mailan, 75 eta 80 urtekoan ni baino gazteagoak izango dira lehiakide gehienak. Hurrengo martxoan edo otsailean izango balitz, niretzako hobe izango litzake.
Hala ere, nik jarraituko dut, ezin dut utzi. Uzten baduzu, gero kosta egiten da. Hau da nire bizio bakarra eta gorputzak irauten duenera arte egiten jarraituko dut.