Ostegun gaueko operazio polizialaren aurrean Lasarte-Oriako gazte independentistak ondorengo hausnarketa helarazi nahi dizuegu:
Lehenik eta behin, gure besarkada goxoena eskaini nahi diegu atxilotu eta torturak jasateko arriskuan dauden gazte guztiei. Ondoren ozen adierazi nahi diegu bai estatu espainolari eta baita frantsesari ere: gazteak garela eta harro gaudela!
Gu Euskal Herriko gazte independentistak gara. Gure herria, Lasarte, maite dugu, Euskal Herria maite dugu. Eta horrexegatik determinazioz eta harrotasunez lotzen gara belaunaldiz belaunaldi independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokara.
Baina Euskal Herrian gazte izatea ez da erraza, delitua baita! Estatu zapaltzaileek badakite gazteria dela herri guztietako borroken motore. Horregatik behin eta berriz kolpatzen gaituzte, polizia armatua bidaltzen dute gaueko ordu txikietan gure etxeetako ateak bota, gure familiak jazarri, gu atxilotu eta torturatu ostean espetxeratzeko. Beldurra hedatu nahi dute gazteriaren artean, otzan eta isilik nahi baikaituzte.
Baina ez dute ulertzen ezin izan dutela eta ezin izango dutela! Hemen gaude, garenaz harro eta aurre egiteko prest! Ez gaituzte kikilduko!
Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu eraso polizial hau ez dela ausazkoa izan, SEGI gazte erakundeak, momentu politiko berriari egokitzeko, prozesu berri bati ekin dio, ikasturte oso hau iraungo duena. Horregatik, Lasarte Oriako gazte guztiei esan nahi diegu gure proiektu politikoarekin jarraitzeko asmoa dugula eta horretarako euren laguntza behar dugula. Batu gaitezen etsaiari aurre egiteko!
Euskal gazteria aurrera!!!
Lasarte-Oriako gazte independentistak