Elgarhi Nayem Foidal Mohamed Suedi, guk ez zaitugu ahaztuko

Txintxarri 2010ko urr. 28a, 02:00

Zenbat odol isuri behar da Espainiar Estatuak begiak ireki ditzan? Zenbat Elgarhi Nayem Foidal Mohamed Suedi lurperatu behar ditugu Nazioarteko Komunitateari bihotza hunkitzeko? Erotu al gara denak, edo zer da gertatzen ari dena bufoi herri honetan?
14 urteko mutiko kozkor bat hil da marokoar poliziaren eskuetan eta inori ez dio dardarizoak ematen. 14 urteko mutiko batez ari gara hitz egiten, ez al du ezer balio gazte honen biziak?
Nayem Foidal marokiar poliziak eraila izan da eta oraindik bada jendea lotara lasai eta barne korapilorik gabe doana. Barka, nor edo nor gaizki sentitzen bada hau entzutean baina pertsona hauek izen bakarra dute: hiltzaileak. Ez du inporta nork zuen arma eskuetan gazte honek zuen eskubide bakarra, bizitzeko eskubidea, lapurtu ziotenean, ez du inporta, arma hori esku batek baina gehiagok eusten du eta.
Argi dago zenbaitentzat ez duela inporta nor jartzen den beraien jomugan, berdin zaie agure, gizon, emakume… izatea, berdin zaie! Garrantzitsuena sahararren gatazka zein momentu hauetan El Aaiuneko kanpamenduan bizi den izualdia ez ezagutzea da (ez dezagun ahantzi zauritu gehiago daudela eta beste baten heriotzaz hitz egiten ari dela), azken finean, saharar herriak bizi duen errepresioa ezkutatzea eta ahaztea.
Baina, Ya-lah Gazte Ekimenetik gure indar guztiaz salatu nahi dugu saharar herriak urriaren 9tik, kanpamenduak altxatzea erabaki zuenetik jasaten ari den bortizkeria. Bigarren mailako hiritarrak dira beraien lurretan, hezkuntza, osasun eta lan eskubideak, bortxatu eta isildu dizkiete. Eta dena, sahararrak direlako, beraien lurra maitatu eta bertan bizitzen jarraitu nahi dutelako. Gure elkartasuna eskaintzen diogu hildakoaren senitarte zein beste biktima guztiei. Ez dugu utziko Nayemen izena, ahaztutako beste izen bat izaten. Nahiz eta izen propioa duten zenbaitek herri hau zein bere arrazoiak ahazten saiatzen diren, gu ez gara isilduko! Ez da espainiar gobernuko ministra berriak esan duen bezala lasai egoteko garaia, gure ahotsak goratu eta bat egiteko garaia da.
Utzi saharar herria bakean! Independentzia eta autodeterminazioa orain! Sahara askatu! Sahara hurra!

Yal-lah Gazte Ekimena

Birginia Pozo Gonzalez 72457975-V*
(Yal-lah Gazte Ekimenaren izenean)