Adin guztietako ikusleei zuzendutako ikuskizunak dira kultur etxean eskainiko direnak. Emankizunetaz gozatzeko sarrera ordaindu beharko da: Nats Nusen lanerako sarrerak 3,15 euro balio du eta Dantzaria naiz lanekoak, aldiz, 6 euro.
Tariren bilduma
Momentari dantza lanean, pertsonaia bitxia ezagutuko dute azaroaren 6an, larunbatean 18:00etan kultur etxeko aretora hurbiltzen diren herritarrek, Tari.
Tarik urteetan osatu duen bilduma berezia erakutsiko du. Egiazko zorionaren bila, denbora luzea egingo du ingurua begiratzen, sentitzen eta deskubritzen.
Kubo baten sei aurpegiek eta bertan bizi diren lau pertsonaiek lagunduta, sentsazio, kolore, usain eta irudiz jositako bidaia batean barrena eramango ditu Nats Nus dantza taldeak ikusleak.
Artea eta diskapazitatea
Verdini dantza taldeak, berriz, Dantzaria naiz lana aurkeztuko du azaroaren 19an, ostirala, 20:00etan.
Lan honetan artearen eta diskapazitatearen arteko harremanari buruzko gogoeta aurkezten du dantza taldeak.
Harriduraz, sinesgaiztasunez edo ontzat hartuz “Verdini Dantza Taldearen taula gaineko dantza artea ote da?” galdetzen duen gizartearen bilakaerari buruzko metafora polita aurkeztuko du dantza talde berezi honek kultur etxeko aretoan.
Dantza Zirkuitua
Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Dantza Garaikidearen Zirkuituaren seigarren edizioaren barnean dauden ikuskizunak dira kultur etxean eskainiko diren lanak.
Zirkuituak sektoreko profesionalei eta eszenan formatu txikiko nahiz ertaineko azken sortzeak ikusi nahi dituzten zaleei erantzun nahi die. Halaber, euskal Konpainien lanei laguntzen jarraitzeaz gain, herri txiki nahiz handietako antzokiek dantza-ikuskizunetara ahalik eta ikusle gehien erakartzeko egiten duten ahalegina bultzatu nahi da.