Osasun Jardunaldi arrakastatsuak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 29a

Teknologia berri eta sare sozialenganako adikzioaren hitzaldiarekin eman zitzaion hasiera aurten Lasarte-Oriako Udaleko Osasun, Ingurumena, Merkataritza eta Kontsumo sailak antolatzen dituen Osasun Jardunaldien XVIII. edizioari. Honetaz gain, alzheimerra, tabakoaren adikzioa eta transplanteei buruzko hitzaldiak entzungai izan dira. Horregatik, Lasarte-Orian errotuta dauden jardunaldi hauetan, herritar ugari bildu da.

Astelehenean, XVIII. Osasun Jardunaldien hasiera ekitaldia egin zuen Iñaki Mugika alkate ordeak. Honetan, aurtengo jardunaldiek gai berriak jorratu dituztela azpimarratu eta, “jardunaldi hauek aberasgarriak dira, adikzioei buruz gehiago jakiteaz gain, aurrezaintzen ikasi dezakegulako,” adierazi zuen.
Udaletxetik jardunaldi hauen beharra ikusten dute. “Herritarrak informatzea, heztea eta aurrezaintza sustatzea gure betebeharra dela uste dugu” aipatu zuen Mugikak. Aurtengoarekin XVIII edizio dira “eta espero dugu, urtetik urtera edizio gehiago antolatzen jarraitzea.”

Hasiera teknologikoa

Ostean, Enrique Etxeburua, Psikologia Klinikokoak teknologia berrien eta sare sozialen abantailak eta alde txarrak aztertu zituen.
Informazioaren erabilera, komunikazioa, elkarbanaketa, bilaketa... honek guztiak abantaila ugari ekarri ditu egunerokotasunean “horregatik ez da harrigarria 11 eta 20 urte bitartekoen %90ak egunero sarean sartzea” aipatu zuen Etxeburuak.
Gainera, mundu berri honetan berrikuntza bat eman dela azaldu zuen, “normalena gurasoak ziren umeak lagundu eta hezten zituztenak, baina gai honetan gurasoak dira umeei laguntza eskatzen dietenak.”
Eta gazteengan duen eraginaz ere mintzo zen, “sare sozialetan dagoena existitzen da, bestela ez” eta “taldearen aurrean identitate bat izateko aukera ematen du” epaitu zuen.
Teknologia guztiak bezala gure bizitza erraztu du “baina horretarako erabilpen egokia egin behar dugu” azaldu zuen.

Alzheimerra

Gurutz Linazasoro neurologo eta ikertzaileak Alzheimerrari buruz hitz egin zuen asteartean.
Besteak beste, eragile ezezaguna duela eta gaixotasuna izateko eragin ditzaketen faktoreak aipatu zituen, hala nola, adina.
Gaixotasunaren eraginez neuronak hil egiten direla azaldu zuen eta ondorioz, garunaren tamaina murriztu egiten dela, “oroimenaren, hizkuntzaren eta funtzioen zatian du eragin gehien.”
Gaixotasunaren sintoma eta fase desberdinak, gaixotasuna nola diagnostikatu, tratamenduak eta zaintzaileek duten garrantziaz ere mintzo zen.
Era berean, Alzheimerren Gaixotasuneko Terapia Aurreratuak Ikertzeko Donostiako Zentroa (CITA) zertan datzan eta aurrera eramango duten azterketa azaldu zuen.

Tabakismoa

Asteazkenean berriz, Javier Laparra neumologoak tabakoarenganako adikzioa nola gainditu daiteken azaldu zuen.
Tabakismoa bere horretan gaixotasun bat bezala ulertu behar da, gaixotasun kronikoa. Erretzeari uzteko formula magikorik ez dagoela esan zuen Laparrak, hori bai, lehenengo pausua, eta garrantzitsuena, benetan nahi izatea. Erretzaile batek, nahiz eta asko erre egunean, benetan nahi badu adikzioa utzi, aukera asko dituela gogora arazi zuen neumologoak. Erretzeari uztea ez baita hain prozesu erraza, tabakoak adikzio handia sortzen baitu.

Transplanteak

Jardunaldiei amaiera emateko, atzo ostegunean, Luis Balenciaga, Euskadiko bihotz eta biriketako transplantatuen elkarteko bokalak, Garikoitz Lasa, kardiologiako espezialista eta Miren Telleria, hemodinamikako mediku espezialistak transplanteen garrantziaz aritu ziren.