Iaz bezala, herriko obrak direla medio, berriro ere ibilbideak 600 metro gutxiago izango ditu, beraz 10.000 metrotako luzera duen ibilbidea izango dute korritzeko parte hartzaileek. Berriro ere, Ostadar Kirol Fundazioaren egoitzaren parean izango da irteera, eta helmuga ere bertan izango da. Podiuma berriz, Tripontzi jangelaren atearen aurrean egongo da eta epaileak kirol elkarteko egoitzan.
Agurra
Urtero bezala, Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzarien eskutik korrikalari guztiei agurra dantzatuko zaie. “Modu horretan parte-hartzaile guztiak omendu nahi ditugu, ez soilik irabazleak” eman dute aditzera Ostadar Kirol Fundaziotik.
Ondoren Lasarte-Oria Bai! Krosari emango zaio hasiera. 10:30etik korrikalari guztiak herrian zehar ibiliko dira.
Lasterketa Herrikoien Liga
Aurtengo edizioa berrikuntza batekin dator “Lasterketa Herrikoien Igo Ligarako” puntuagarria izango da. Lehenengo liga horretan parte hartzeko beharrezkoa da txip horia eramatea.
Lasarte-Oriakoarekin batera beste bederatzi lasterketez osatzen da Liga: Josetxo Imaz Memoriala, Zumaiako Zakila Bira, Hiru hondartzetako lasterketa, Donostiako oinezko 15 kilometroak, Donibane-Lohitzune-Hondarribia erdi maratoia, Behobia-Donostia, Azkoitiko Herri Krosa, Donostiako Maratoia eta San Silbestrea.
Dortsalik gabe txipik ez
Aurten ere korrikalarien denborak txiparen bidez neurtuko dira. Antolatzaileek gogorarazi dute txipak lasterketa egunean bertan banatuko direla, 9:00etatik 10:15era Michelin kirol guneko frontoi estalian eta behar-beharrezkoa izango dela dortsala eraman eta erakustea, hau gabe ez da txipik emango. “Denbora tarte txikian jende asko gerturatuko da txipa jasotzera eta azpiegitura nahikoa jarriko dugun arren, korrikalariei azken unera arte ez dezatela itxaron” eskatu dute.
Ordu aldaketa
Ez ahaztu larunbatetik iganderako gauean ordua aldatzen dela, gaueko 3:00etan ordularia atzeratu eta 2:00ak izango dira. Urteak dira Krosa eta ordu aldaketa asteburu berean egiten direla, baina beti dago deskantsatzeko ordu bat gehiago aprobetxatzen ez duena, ez zaitez zu izan!!
Lasterketa amaitu ondoren, parte-hartzaileak ura, fruta eta freskagarriak izango dituzte eskura, energiak berreskuratzeko. Eta dutxatzeko, kirol guneko instalazioak.
Izen-ematea
Oraindik parte-hartzeko aukera dago. Apuntatu nahi baduzu www.ostadarkfg.org web orrialdean, gaur 17:00etatik 20:00etara edo bihar 11:00etatik 13:00etara bulegoan, edo igandean bertan Michelingo frontoian 9:00etatik 10:00etara duzu aukera.