25 lagun auto konpostatze ikastaroan Zabaletan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 30a

Etxean konposta egiten hasteko asmoa duten Zabaletako auzotarrek hainbat aholku jaso zituzten aurreko asteazkenean, urriak 27an, auzoan bertan. Irati Portu eta Mario Olivier gai honetan adituak hurbildu ziren autokonpostatzeari buruzko zalantzak argitzeko. Hasteko hondakinei buruzko informazio orokorra eman zuten, zenbat sortzen den, horretatik zenbat den organikoa eta hau konpostatzearen onurak zeintzuk diren.
Ondoren prozesu honen nondik norakoak azaldu dituzten, zer den eta nola egiten den alegia, lau arautatik abiatuz, leku egokian eta lurrarekin kontaktuan kokatzea, materia heze eta lehorra bolumen berdintsuan botatzea, ondo nahastea eta hezetasuna kontrolatzea. Azkenik, zein arazo izaten diren, hauek nola konpondu daitezkeen eta etxean egindako konposta hori zertan erabili daitekeen azaldu zuten. Ordu bete inguru iraun zuen ekitaldiak.

Konpostajea auzolanean

Zabaletako auzokide batzuk biltzen hasi dira auzoan auto-konpostatzea martxan jartzeko asmoz. Batetik, auzoan bizi eta etxe inguruan lurrik ez daukatenak taldean, denek elkarrekin, konpostatzeko aukera aztertzen ari dira. Zabaletako ur depositu zaharraren ondoan lur pusketa bat begiz jota dute eta konposta-kutxa batzuk jarriko dituzte, gai organikoak bertan bota eta konposta egiteko. Auzo elkarteko ordezkariak Udalarekin harremanetan jarri dira lur sail hori erabiltzeko baimena eskatzeko.
Zabaletako auzo elkarteak konpostatzeko 35 kutxa ditu auzotarren artean banatzeko. Hauetako batzuek erabiliko dira auzoko konposta gunean, lurrik ez daukatenen txokoan, eta besteak etxe ondoan lurra dutenen auzotarren artean banatuko dira.
Aukerarik ez zuten auzotar batzuek adierazi dute hondakin organikoekin konposta egiteko asmoa eta taldean egiteko arau batzuek prestatzen ari dira. Helburua batzuk hasi eta gero eta lortutako emaitzen arabera, zabaltzekoa da. Beste auzotar batzuek ere adierazi dute eta aurrerako horretan hasteko interesa.