Ostadar K. F.ak antolatzen duen kros herrikoiaren hamabostgarren edizioa ospatu da gaur eta herriko kirolariak izan dira garaileak bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan. David Martin korrikalariak 32:05 eta Pili Bodegas 38:09 denborekin. Aulki gurpildunetan ez du herriko inork parte hartu eta lehenengo postua Oriora joan da, Jose Antonio Iglesiarentzat, 30:14 denborarekin.
Giro ederra
Jende ugari ikusten zen herrian goiz goizetik. Korrikalari asko, aurten 1550 partaideekin, errekorra apurtu da. Karrera hasi baino lehen berotu behar eta txipak hartu. Horregatik jendez gainezka aurkitu dugu karrera hasi baino lehen Michelin Kirol gunea.
10:30ak iristear zeudela, irteera puntura egin dute korrikalari guztiak. Puntu-puntuan agurra dantzatu dute Erketz taldekoak partaide guztiei. Eta segidan aulki gurpildunekoak ekin diote Lasarte-Oria Bai! Krosaren XV. Edizioari. Minutu gutxi ostean eman diote hasiera probari gainerako partaideak.
Hasiera hasieratik David Martin herritarra lasterketaren buru jarri eta ez du postu hori utzi garaipena eskuratu arte. Aurreko urteko denbora antzekoa egin badu ere, aurten garaipena eskuratu du.
Publikoa aurten ere gogor animatu ditu partaideak, are eta gehiago herritarrak. Gainera hasiera batean eguraldi txarra emana bazegoen ere, azkenean tenperatura eta eguraldi atsegina atera da. Tenperatura ederra bai kirolarientzat eta baita zain zegoen publikoarentzat.