Gaurkoan opari bat egin nahiko nuke. Nire izena oparitu nahiko nuke. Izena. Txiki txikitatik, baten baten ahotik entzunda nor garen adierazten diguna. Izaera, arima ala ego deituriko barneko ni bat badugula erakusten diguna. Batzuetan gure buruarekin identifikatzen laguntzen diguna, eta besteetan, ordea, arrotz sentiarazten.
Izakia gizaki bihurtzeko beharrezko etiketa. Gorpuzte fisiko eta konexio biologiko oro gauzatzea baina garrantzia handiagokoduna; izena jarri behar duen askoren ustez, behinik behin. Izena. Izana.
Eder, agian? Iraultzaile edo tradizional? Inspirazio, akaso? Kate?
Nik ere, Bilboko karriketan bere izenik ikusi nahi ez zuen haren moduan, nire izena nire izana dela pentsatzen dut, eta eznaizela ezer ezpada nire izena. Etiketa soil bat bada ere, nire sentitzen dut, sekula izandako opari bereziena, honekin batera hazi eta hezia izan bainaiz. Maite dut nire izena, indibidualtasun bat, intimotasun bat eskaintzen baitit, gainontzeko pertsona guztiei bezala, beste inoren gaindi ala menpe egon beharrik gabe.
Daukadan kuttunena eman nahiko nuke opari, beraz, esker on osoz. Inguruan, nire moduan, beren izena maite duten guzti-guztientzat. Orokortasunean ere, pertsonak bereziak direla sentitzen duten guztientzat. Izana duen ororentzat. Eta zuretzat. Bereziki zuretzat.