Giro ederra Kukukaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 5a

Zubietako Frontoia jendez bete zen urriaren 30eko arratsaldean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen [i]Irrien Lagunak[/i] saioa ikusteko. Baina larunbatekoa ez zen saio normala izan, pailazoez gain Lasarte-Oriako hainbat elkartetako kide dantzan ikusi genituen. Hau guztia helburu zehatz batekin, Kukuka Antzerki eta Dantza taldearen alde dirua eskuratzea.

Umore onez eta dantzarekin hasi zen Kukukaren aldeko Jaialdia. Porrotx eta Marimotots pailazoek publikoaren irriak bereganatu zituzten saioaren hasieratik.
Arratsaldeko 18:00ak ondo jota hasi zen emanaldia, jende ugari baitzegoen zain sartzeko eta umeak txintxo txintxo eta isil isilik egon ziren Irrien Lagunak saioaz disfrutatzeko. Ez zen saio normala izan, ohikotasunetik urrundu eta pailazoen ikuskizuna lasarteoriatarrei eskaini zioten. Porrotx eta Marimototsek herritarrei pasa zien protagonismoaren zati handi bat.

Herria Kukukarekin

Jalgune, Beltzak rugby taldea, Semblante Andaluz, Ttakun, Xumela, Sorgin Jaiak, Zabaleta eta Zubietako herritarrak Bertso-eskola... Elkarte ugari Kukukaren alde. Irrien Lagunak diskoko abestiak dantzatu zituzten herriko talde hauek.
Pailazoek hain ezagun egin dituzten doinuak abestu eta dantzatu zituzten. Aurpegi ezagunak, herrikoak, pailazoekin batera publikoa disfrutaraziz. Oholtza jendez bete zen Antzerki eta Dantza eskolaren alde.

Omenaldirako lekua

Dantza eta kantuen artean, herriko pertsonai bat omentzeko parada ere egon zen jaialdian. Alejandro Romo artista ezagunak jaso zuen Kukukaren aitortza, hainbeste urtetan atrezzoarekin eta beste hainbat lanetan laguntzeagatik. Oso pozik eta hunkituta jaso zuen Romok oroigarria eta aitorpena.

Indar handiko elkartea

Orain dela 8 urte Landaberri Antzerki eta Dantza eskola bezala sortu zena, aurten izen propio eta izaera juridikoa bereganatu du. Hortxe dugu Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolaren jaiotza.
Antzerkizale ugari dago herrian, eta beren talentua atera eta erakutsi dezaten elkarte aproposa dugu hau. Etxeko txikienetatik, helduak bitarte, denak daukate lekua Kukukan.
Diru laguntza apurrak badituzten arren, proiektuak hartu duen dimentsioa kontuan hartuz beste diru sarbideak bilatu behar izan dituzte, eta horren barruan kokatzen da larunbateko jaialdia. Porrotx eta Marimotots Kukukarekin daude, baita herriko elkarteak ere. Hori larunbatean izan zen partaidetza zabalean argi ikusi da.