“Korrikalariak egun prestatuta datoz”

jon-altuna 2010eko azaroaren 5a

Joxepo Artola Gipuzkoako DYA sortu zenetik ari da erakunde honetan laguntzen eta une honetan Estatuko DYA guztien federazioaren buru da. Edonor lehen laguntzak emateko gai izateko azaroaren 8tik 26ra bitartean, ikastaroa emango dute Landaberri-Garaikoetxea ikastolan, astelehenetik ostiralera 19:00etatik 21:00etara. Egunero gerta daitezkeen ezbeharrei erantzun egokia emateko modua landuko dute, bihotz eta birika suspertzea, zauriak, hausturak, erredurak… 90 euro balio du matrikulak. Informazio gehiago jasotzeko, deitu 943 46 46 22 telefono zenbakira.

Joxepo Artolak azaldu dizkigu DYAk urtean zehar Lasarte-Orian egiten dituen lanak Kros egunetik hasita: “batetik segurtasun aldetik lagundu eta bestetik ezbeharren bat baldin bada, lan apur bat egin. Ahal den gutxiena”.

Eta izaten al duzue lanik?
Ez, gutxi. Normalean, jendea gero eta preparatuago etortzen da proba hauetara. Proba motza da gainera, 10 kilometrotakoa. Serio hartzen dute eta antolakuntza ere oso ona da.

Garai batean arazo gehiago izaten zen beraz,...
Bai, gogoratzen naiz, Zabaletako elbarri batek, Buenos Airesko Lontzok, urtero zartada berbera hartzen zuela toki berberean. Jada esaten genion, "ez, mesedez, aurten ez!". Berasategitik behera beti hartu zuen zartakoa, bi edo hiru urtetan segidan. Baina anekdota besterik ez da, bestela lasai ibiltzen gara.

Urtean zehar zer nolako lana egiten duzue Lasarte-Orian?
Arlo prebentiboa jorratzen dugu, hau da, zerbait dagoenean bertan egon.
Lasarte-Oriako Udalarekin hitzarmena sinatuta dugu festa guztiak guk zaintzeko. Horretara mugatzen gara, azken finean emergentziak 112 zerbitzuak erantzuten ditu, badu Osakidetzak anbulantzia bat,...
Beraz, prebentzio-lana, batez ere, jende kopuru handia dagoenean anbulantzia egotea eta bestalde, heziketa-prestakuntza ere lantzen dugu. Orain Lasarte-Orian emango dugu ikastaro bat.

Nolakoa?
Lehen laguntza, Primeros Auxilios, deitutako ikastaroa da. Nik beti esaten dut hau eskolan ikastea litzatekeela onena, baina momentuz honelakorik ez dagoenez, urtean zehar horrelako bizpahiru ikastaro antolatzen ditugu. Azaroan hasiko da bat Lasarte-Orian. Izena eman nahi duenak 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu behar du. Komenigarria da edozeinentzat.

Zer ikasiko du ikastaroa egiten duenak?
Edozein tokitan ezbeharren bat ikusiz gero, edo etxean zerbait gertatu, horri aurre egiteko gai izateko ikasten da.

Boluntario asko al da herrian?
Orain ez gaude Lasarte-Orian, Usurbilen lokal bat utzi ziguten eta. Bailara osokoak biltzen gara han, Behe Oriako DYA deitzen diogu. 30 bat lagun izango gara.

Nolakoa da zuen lana?
Astebururo badago zerbait, kirola, futbola, eskubaloia,... Usurbil eta Lasarte-Orian. Aparte, istripuak Osakidetzaren ardura direnez, soilik ez beharra oso handia denean ateratzen gara. Bigarren sare gisa gaude. Jendea mendian galtzen denean eta antzeko egoeratan ere laguntzen dugu.

Kanpora, urrutira, ere joaten zarete, baina?
Bai, nazioarteko laguntza deitzen zaio. Iranera joan ginen aurreneko aldian eta orduz geroztik Madrileko Gobernuak kontuan izaten gaitu. Azkenaldian lurrikara izan duen toki guztietara joan gara. Ez gara talde handia izaten, Estatu osokoak, gehienez hamar bat lagun, medikuak eta erizainak batez ere, eta logistak deitzen direnak, biziraupenaren alorrean dabiltzanak, gauzak lortzeko gai direnak.

Rocio, eta beste festa handietara ere joaten zarete,...
Askok jotzen dute guregana medio dezente dauzkagulako. Sarri tokatzen zaigu, datorren astean ere Caceres-era goaz.

Ardurak ere badituzu DYAn...
Estatu mailako DYAko arduraduna naiz. Hiru erakundetan, Gipuzkoako buru, EuskalDYAko buru eta FEDYA, Estatuko DYA Federazioen buru naiz. Beste hiru urterako ardura daukat. Boluntarioa izateko lan nahiko gogorra da gainera. Nik nire ogibidea daukat eta hau borondatez egiten dut. Ordu asko sartu behar izaten ditut, kontuak atera, udara honetan nire autoarekin 8.000 kilometro egin ditut beste DYA batzuek bisitatzen eta haien gauzak ezagutzen. Estatu mailakoak gu baino erakunde txikiagoak dira, gu, aldiz, betidanik ibili garenak eta guregana jotzen dute beti.

Eta egindako lan horrek ba al dauka ordainik?
Talde txiki bat sortzeko hasi nintzen ni DYAn, –Lasarte Orian erakundea sortu zenean, datorren urtean 25 urte egiten ditugu–, eta pentsa zertan bukatu dudan. Baina ordaina..., bestetan bezala, hasten zara eta gurpilak harrapatzen zaitu.
Gainera hemen hasiera gogor bat izan genuen, ez geneukan anbulantziarik, ez lokalik,... Kuttun okindegia zenaren obradorearen azpian hasi ginen biltzen eta guardiak egiten. Tortura bat zen beti kruasan usaina zegoen eta. Orduz geroztik goizero Kruasana hartzen dut.

Garai hartan oraindik musuzapia aterako zen leihotik...
Lasarte-Orian hippyen Volkswagen zahar batekin hasi ginen...

Kalifornia?
Ez, Kalifornia oso modernoa da. Modelo zaharrarekin. Atera kontuak. Ez genuen sirena jarri beharrik, sekulako soinua egiten zuen! Oroitzapen politak ditut, gogorra izan zen baina azkenerako lortu genuen dirua...

DYAk 50 urte beteko ditu laster, ezta?
Bizkaian sortu zen, eta 45 urte egingo ditu: nik baino hilabete gehiago du, kasualitatez, 1966ko martxokoa da. Gipuzkoan 1973an jarri zen.