“Izugarria da herrian korritzea”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 5a

Emakumezkoen sailkapenean ere Lasarte-Orian bizi den donostiar batentzako izan zen garaipena, Pili Bodegasentzat. Ibilbidean zehar urduritasuna alde batean utzi ezinik ibili zen arren, denbora polita lortu zuen 38:09.

Nola ikusi duzu zure burua proban zehar?
Uste baino hobeto. Proba ondo atera zaidala esan dezaket, baina espero nuena baino denbora txarragoa egin dut.
Herrikoa naizenez, jende guztiak animatzen zaitu, eta presio handia izan dut. Hogeita hemezortzi minututik jaitsi nahi banuen ere ez dut lortu. Baina ahal izan dudana egin dut.

Publikoaren babesa beraz nabaritu duzu...
Ibilbidean zehar animo oihu ugari entzun ditut, pasada bat izan da. Kasu handirik ez egiten saiatu banaiz ere, ezinezkoa egin zait. Eta azkenean urduritasuna kontrola ezinik ibili naiz. Baina oso kontent nago babesarengatik. Eta oso kontent ere hemen, herrian garaipena lortu dudalako.

Gustukoa duzu proba?
Urte asko dira parte hartzen dudala. Aurreko urtean ezin izan nuen, baina aurten bueltatu naiz gogoz. Gainera, aurtengoarekin, bi aldiz lortu dut garaipena herriko krosean.

Beraz ibilbide aldaketarekin aurkitu zara, zer moduz?
Zirkuitu hau zailagoa da, hankak asko nekatzen dira aldapa ugari daude. Asko kostatzen zait aldapetan martxa ona egitea, baina gero beherantza noanean denbora berreskuratzen saiatzen naiz.

Behobia-Donostia parte hartuko duzu?
Ez. Aurten Krosetan bakarrik arituko naiz.