Horregatik, lehengo igandean, urriaren 31n, jende ugari zebilen herrian goiz goizetik eta jendez gainezka zegoen Michelin Kirol gunea.
Antolatzaileek kaleko hesiak jarri eta azken ukituak ematen ikusi genituen; korrikalariak, berriz, txipa hartu eta batetik bestera, beroketak egiten.
Guztiak, 10:30etara hurbildu ahala, bere lekuetara jo zuten, korrikalarien kasuan, irteera puntura.
Puntu-puntuan agurra dantzatu zieten Erketz taldekoek partaide guztiei.
Segidan, Lasarte-Oria Bai! Krosaren XV. Edizioari hasiera eman zitzaion gurpil-aulkiko partehartzaileen lasterketarekin. Minutu gutxi batzuren buruan, gainerako partaideak atera ziren.
Hasieratik buruan
Hasieratik David Martin herritarra jarri zen lasterketaren buru.
Bere atzetik Sergio Roman hernaniarrak tartea zabaldu zuen eta atzetik sei bat korrikalarik osatu zuten multzoa, baina ez ziren gai izan bigarren sailkatuarengana gerturatzeko.
Romanek ere ezin izan zuen David harrapatu eta irabazlearengandik 15 segundura iritsi zen helmugara.
Eta podiuma osatzeko, hirugarren postuan, Yeray Varela oñatiarra sailkatu zen, seiko multzo horretatik ihes egin ondoren.
Emakumezkoen lasterketari dagokionez, Pili Bodegas Lasarte-Orian bizi den Donostiarrak garaipen erraza lortu zuen, 10.000 metroak 38:09 denboran bukatuz.
Helmuga puntuan bi minutu, 40:09, kendu zizkion Irungo Jaione Galdos bigarren sailkatuari. Eta hirugarren postuan Aitziber Ibarbia zizurkildarra sailkatu zen, 40:28ko denborarekin.
Beste bi mailetan ez bezala, elbarrien sailkapenean ez zen herritarrik egon, Jose Antonio Iglesias oriotarrak eskuratu zuen txapela. Honek ere garaipen erraza lortu zuen, 30:14 denbora egin eta bigarren sailkatua, Hilario Olano bi minutura sartu zen.
Antolatzaileek azaldu digutenez, aurtengo edizioa orain arteko jendetsuena izan da, “1.550 korrikalarik eman dute izena; 1.444 atera dira irteera puntutik eta horietatik 1.434 iritsi dira helmuga puntura.”
X. Kros txikia
Helduen krosa eta sari banaketa amaitu ostean, X. Kros Txikiaren txanda izan zen.
Bost eta hamalau urte bitarteko 700 korrikalari gaztetxo ibili ziren Geltoki eta Uistin kaleetan lasterka.
Ilusioz eta gogoz 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu zituzten.
Ahalegin eta indar guztiak jarri zituzten lasterketan. Batzuk erraz egin zuten ibilbidea, besteak nekez, negar eginez edo zapatila eskuan zutela; guztiek helmuga igaro eta domina eta edateko jogurta jaso zuten.