PSOEk eta EAJk gidatutako lehen batzarra burutu zuen herenegun San Marko Mankomunitateak. Lehen bilera horretatik, San Markok, herritarren eta udalerrien interesak defenditu baino gehiago, Gipuzkoako partzuergoaren interesak, hau da, errauste planta eraikitzeko sortutako erakundearen interesak, defenditzeko dagoela ondoriozta daiteke.
Juan Carlos Merinoren ezgaitasuna nabarmena da. Aurreko gobernu taldeko idazkaria eta kontu hartzailea kargutik kendu zituela hilabete pasatu denean, ez da gai izan San Marko Mankomunitatearen eremuko hamar udalerrietatik idazkari eta kontu hartzailerik topatzeko, eta ezintasun eta gabezia hori estali asmoz, San Markoko estatutuak bihurritu ditu, Diputazioko arduradun bat batzarrak bozkatu gabe izendatuz.
Horrek gauza bakarra adierazten du: PSOE eta EAJ ez dira fidatzen mankomunitatea osatzen duten hamar udalerrietako funtzionarioekin. Beraiek sortutako hutsunea betetzeko, ez dute mankomunitatearen estatutuek dioten prozedura jarraitu. Beldur dira funtzionario hauek estatutuak edo legediak esaten dutena betearaziko duten. Euren helburuak azkeneraino eramateko ez dute trabarik nahi eta aginduak onartuko dituzten txotxongiloak behar dituzte, horretarako legedia urratu behar badute ere. Egoera honek San Marko mankomunitatea Diputazioaren menpe jartzera darama. Hau batzuen utzikeriaz eta ezgaitasunaz probestuko baita San Markoren eremuan gehiengo diren (hamarretik sei) udalerrien ideiak, proposamenak eta egitasmoak blokatzeko eta ezerezean uzteko.
Beraiek ezer egiteko gai ez eta besteek egindakoa saldu nahi dute. Auditoria martxan jarri dutela esan dute, aurreko gobernu taldeak egin zuenean. Baina dena ez du gaizki egin, bide onetik ari da Merinok gidatzen duen gobernua, herritarrei informazioa mugatzerakoan. Mankomunitatera iritsi bezain laster, autokonpostatzeari edota atez ateko bilketari buruzko aipamenak kendu egin dituzte web orritik. Partzuergoak ere gauza bera egin zuen: Lapatxera konpostatzera, 5. edukiontziaren bidez, sortzaile handien bidez eta Atez ateko bilketaren AAB) bidez heltzen ziren organikoaren datuak zabaldu zituen 2009an. Baina datuen gordinak beraiek erakutsi nahi ez zuten zerbait erakusten zuten: Atez Ateko Bilketa selektiboak gainontzeko ereduak baino hamar aldiz materia organiko gehiago jasotzen zuela, eta horrek errauste eredua kinka larria jar zezakeela. Hori ikusita, organikoaren datuak txostenetatik kentzea erabaki zuten.
Hori da PSOE eta EAJren politika egiteko modu bateratua. Hori batzuen, "batu gaitezen" proposamena praktikan jartzeko modua.
Ez genuke San Markok hondakinen bilketan inongo eskumenik izan gabe (eskumen horiek udalerriek baitituzte San Markoren eremuan), mankomunitateak Gipuzkoako Diputazioarekin bosgarren edukiontzia bultzatzeko hitzarmena sinatzeko erakutsitako borondatea kritikatu gabe amaitu nahi. Atez ateko bilketak baino hamar aldiz emaitza kaskarragoak lortzen dituen sistema baten alde egin nahi dute, birziklatzaile mozorroa jantzia duten bitartean, errauste ereduaren alde indar guztiz ari direnean.
Ezker Abertzalea, Alternatiba eta Ezker Batua