83 urte ditu Alejandro Romok, Orian jaio eta Zabaletako aldapan bizi, bizitza osoa eman du herrian. Orain jada, “lagunartean egon” eta lasai bizi nahi du “ahal baldin badut”. Baina orain artean beti egon da behar zuenari laguntzeko prest eta esku ona izan du lanerako.
Nola sentitu zinen aurreko egunean Kukukakoek egin zizuten omenaldian?
Niri horrelako gauzak ez zaizkit gustatzen. Ni, gauzak egiteko beti prest nago, baina, bestea,... jende aurrean ez zait gustatzen. Kostatu egiten zait oholtza gainera igotzea.
Baina polita da zure borondate ona saritzea, ezta?
Bai, bai. Eskertzekoa da hori. Baina zoriondu nahi ditut beraiek ere, egiten duten lanarengatik. Antzerkikoek eurek dute meritua. Nola ez nien ba lagunduko!
Ez da jasotzen duzun lehenengo omenaldia gainera, duela hiru urte Santa Ana parodian ere egin zizuten...
Bai, eta lehenago ere bai. Gehiegi egin dizkidate. Orain dela 20 bat urte Proyecto Hombre-koek, Michelingo kooperatiban egin zidaten. Herriko dantzariek ere omendu ninduten.
Antzerki taldekoentzat zein lan egin dituzu?
“Garrasi Ixilak” laneko trintxerak egin nituen, dekoratu batzuk, maskarak,... beti zer edo zer, etortzen direnean, hor ibiltzen gara saltsan.
Parodiako irudiak, Zabaletako Teresa sorgina,... oro har kultur mailan herrian lan asko egin duzu; herriko buru-handiak zuk egin al dituzu?
Diseinuak egin genituen, eta gero Irunen egin zituzten, gure marrazkietan oinarrituta.
Enkarguak dituzunean nondik abiatzen zara? Marraztu egiten al duzu?
Ez, dena daukat buruan.
Zein material erabiltzen dituzu?
Egurra, burdina, plastikoa edozein material erabiltzen dut. Moldatzeko erraza baldin bada edozein material. Behin erremintak eta ideia edukiz gero...
Orain modan jarri da birziklapena, baina zuk aspaldidanik egin duzu...
Bai. Motorrak beti erabili izan ditut. Jaiotza erraldoian, 22-23 motor zahar dauzkat jarrita. Bat bakarrik erosi nuen, beste denak birziklatuak dira, eta erositakoa ez nuen jarri gainera, ez zeukalako indarrik. Ia dena birziklatua da, ia ez dut ezer erosten.
Ze materialekin gustatzen zaizu lan egitea?
Aukera badut burdinarekin. Ni mekaniko izandakoa naiz eta burdinarekin hartuemana izan dut beti. Forjan, sutan berotu eta forma ematea, lan oso gustukoa dut.
Eta eskulturak egiterik pentsatu al duzu sekula?
Badauzkat eskultura txikiak eginda, musikari autoktonoen lau talde: txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak eta txalapartariak. Ikastaro bat egin nuen buztina ezagutzeko Catalina de Erauson, Donostian, duela 50 urte baino gehiago. Oso gazterik eman zidaten lanerako ezintasuna, eta zerbait egin behar. Emazteak bultzatu ninduen.
Uste nuen autodidakta zinela, beste ikastarorik egin al duzu?
Pintura ere gustatzen zait, garai batean asko margotu nuen. Ezintasuna jaso nuenean, ikastolan hasi nintzen haurrekin margotzen eta esku lanak erakusten, eta han Karlos Zabala Arrastalu usurbildarra ezagutu nuen. Oso lagunak egin ginen, eta gero Usurbilera joaten nintzen. Beti saltsan...
Jarraitzen al duzu margotzen?
Ez, baina aguarras-a usaintzen dudanean, gogoa ematen dit.
Herriko artista zarela diote, gustatzen al zaizu adjektiboa?
Artista, artista? Artisaua hobe.
Eskulanetarako dohainak dituzula erakutsi duzu urtetan...
Bai, esku tartean beti daukat zer edo zer. Honentzako edo bestearentzako,...
Danok Kideko jaiotza zer da zuretzat, urteroko erronkatxoa? Jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Jada ez. Bukatu dut. Aurten lagunduko diet, norbait joaten bada, baina...
Lehen Joxean Gomez eta biok aritzen zineten, ezta?
Bai, baina berak utzi egin zuen.
Pozgarria izango zen halako jaiotza egitea, pena sentitzen al duzu bukatzean?
Bai, hori besterik ez dago eta. Baina esaten dut, denak du hasiera eta bukaera. Hori da naturala.
Egindakoa hor dago...
Lokala da arazo. Azken bi urtetan bertan utzi dugu, baina...
Badakit lan horretan asko gozatu duzula urteotan?
Bai, asko gainera. Ez han bakarrik, etxean gehiago. Hor ikusten diren tramankulu guztiak etxeko garajean prestatzen nituen. Orduak? Batere konturatu gabe, askotan goizeko ordu biak eta hiruak iristen ziren.
Gustura egindako lana ez da lana. Baina, lana egiteko ez dugu balio jada.
Lanean mekaniko aritzen zinen? Non?
Mantentze-lanetan, Liberto Aizpuruan. Laminazioa eta labea zituen. Moldatu egin behar, orduan, gutxirekin asko egin behar; garai haietan ez zegoen ez erremintarik, ez ezer.
Noiz konturatu zinen esku ona zeneukala?
Oso gaztetatik. Lehengusuekin hasi nintzen tailer batean, pintxe, laguntzaile, eta azkenerako makina denak pasa nituen. Gero Luzuriagan sartu eta han lau urte egin nituen. Ameriketara ere joan nintzen, urte eta erdi, 30 urterekin eta gero, hasi nintzen Liberto Aizpuruan.
Lanera joan zinen Amerikara?
Ez, izeba bat nuen han. Kalifornian. Ondo pasa nuen, gehiena arrantxo batean egoten nintzen, han mendian nahiago nuen hirian baino. Zaldi eta ardiekin.
Eta nondik datorkizu euskal zaletasuna?
Etxetik. Amagandik batez ere. Amonarekin ere asko ibiltzen ginen eta honek erdaraz ez zekien. Ama ere oso euskal zalea zen. Aitak egiten zuen euskaraz, baina orduan Orian gehiena erdaraz egiten zen, kanpotarrak ere asko ziren eta.
Eta zure eskuzabaltasuna?
Ez zait kostatzen hori egitea, naizena naiz eta besteei laguntzea ez zait kostatzen, batzuk esaten didaten arren ergela naizela, lanak egin eta ez kobratzeagatik. Ondo ordaindua sentitzen naiz.
Nikaraguan ere baduzu lagun bat, Andres Moreno. Urtero bidaltzen diozue eguberritan bildutako dirua...
Semea istripuz hil zenean, diru apur bat hartu genuen eta emazteak esan zidan diru hori behar zuenari emateko. Eta hara bidali genuen. Hemen zegoen Andres hau han berarekin izan zen lasartear batekin, honekin hitz egin eta Andresi esateko komentatu zigun. Elkarrekin ibili ziren biak Nikaraguan.